Iraidek lana lortu du beharsarea.net-en bidez

Iraidek lana lortu du beharsarea.net-en bidez

Getxoko gasolindegiko Ikerrek lan eskaintza publikatu zuen Beharsarea.net/Getxo webgunean eta langile euskalduna lortu du lanposturako. Behean duzuen getxoberrin egindako elkarrizketa, 4.orrialdean.

Beharsareari esker, lana gasolindegi batean

Beharsarea zerbitzua Egizu elkarteak, Udalaren laguntzarekin, bideratutako Interneteko doako tresna da, langile euskaldunen bila dauden enpresak eta pertsonak eta lan bila dauden langile euskaldunak harremanetan jartzeko. 2010ean martxan jarria, Beharsarea.net Getxon euskaraz egiten den lan eskaintzaren eta eskaeraren arteko harremana gestionatzen hasi zen eta gaur egun beste udalerri batzuek ere bat egin dute zerbitzuarekin. Horrela, atari horretan lanen kontratatzaileak eta eskatzaileak agertzen dira, esate baterako, zaintzaileak, begiraleak, eskola partikularrak emateko edo bestelakoak egiteko. Beharsarearen bitartez, Iker Goñik Iraide Herrera kontratatu berri du Getxoko gasolindegi batean lan egiteko.

Getxoberri: Nola ezagutu zenuen Beharsarea?
Iker Goñi: Getxoko Udaletik iragarki bat jaso genuen eta iragarki hori gorde genuen kontratazioak egin behar genituen egunerako. Interesgarri iruditu zitzaidan, langile euskaldunen bila dauden enpresak eta lan bila dauden langile euskaldunak harremanetan jartzeko tresna delako.
Uste duzu erabilgarria dela?
Bai, guk eskaera asko jaso genituen. Etorkizuneko kontratazioak egiteko tresna hau berriro erabiltzeko asmoa dugu. Gure enpresan gero eta garrantzi gehiago ematen diogu langile elebidunak edukitzeari. Tresna horrek langile euskaldunekin zuzenean harremanetan jartzea ahalbidetu digu, inolako bitartekaririk barik.
Zure lanean euskara garrantzitsua al da?
Enpresako zuzendaritzako kideok euskaldunak gara eta administrazioan, instituzio publikoetan, eta unibertsitatean….
euskararen presentzia aldarrikatzen dugu. Gasolindegian, aldarrikapenez gain, gure eskuan dagoen eremuan eragitea erabaki dugu. Hala ere, oraindik asko daukagu hobetzeko. Gero eta bezero gehiago datozkigu euskaraz eta enpresek nahitaez euskararen alde egin beharko dugu.
Zer egiten duzue euskara sustatzeko?
Kontratazio berrietan euskaldunak kontratatzeko asmoa dugu (dauzkagun langileak mantenduz). Agiriak, iragarkiak,
kartelak, argibideak gazteleraz eta euskaraz egiten ditugu. Gehiago hobetu dezakegun arren, euskararen erabilera
eta normalizazioa sustatzeko ahalegintzen gara.

Getxoberri: Zelan ezagutu zenuen Beharsarea?
Iraide Herrera: Lagun batek pasa zidan bere webgunearen helbidea eta ikustera sartu nintzen.
Askotan sartu zara?
Ez. Behin bakarrik. Zortea izan dut. Nire lagunak bai sartzen direla lan bila. Hori da gehien dagoena, beren
burua lan egiteko eskaintzen duten pertsonak.
Eta, zuk, lana topatzeko iragarkia argitaratu duzu?
Ez, ez dut horren beharrik izan, gasolindegi bateko iragarkia zegoela esan zidatelako. Bidali nuen eskaera eta hartu
naute.
Zer iruditzen zaizu ekimena?
Ondo dago. Uste dut orain Interneten bidez lan gehiago bilatzen dela eta topatzeko aukera gehiago daudela ere. Zerbitzu ona iruditzen zait, nire ustez, nire inguruan behintzat, azken urteotan euskara galdu delako apur bat. Euskara jakitea estra bat da.
Gasolindegian, bezeroekin euskaraz egiteko aukera duzu?
Une honetan ez nago jendearekin kontaktuan baina uste dut aurrerantzean bai izango dudala, bertoko jendea hurbiltzen
delako.
Adierazgarriren bat daramazue euskaraz egiten duzuela jendeari erakusteko?
Euskaraz bai esaten duen pegatina moduko bat daramagu eta horrela jendeak badaki lehenengo hitza euskaraz izan daitekeela.