Udaberriko domeka batean, Asier Legarretaren eskutik, bisita egin diogu Eustakiori. Sartu-irten hori egiteko, jakina, bidaiatxo bat egin behar izan dugu. Espazioan labur-laburra, gure ingurutik urrundu barik; denboran, ostera, luzexeagoa.
Asierrek, zorionez, ederto aztertu zituen zoko-moko guztiak gu hara eroan baino urte batzuk lehenago. Izan ere, Eustakio ehule bertsolariaren bizitzaren atalak berreskuratu eta elkarri itsatsi guran ibili zen liburu bat osatu arte. Artean, ezezaguna zen hain antzinako bertsogintza eskualdean. Zaharrenen buruetan kantuan, zein etxeetako bazterretan idatzita zeuden bertsoak banaka batu zituen lapiko apurtu baten zatiak balira legez. Zegoen dokumentazio apurretik tiraka, agerian geratu zen gure protagonista ez zela edozelako baserritarra, baizik eta gerra aurreko giro nahasi hartako intelektual abertzale bat.
Eta horrela, bertsorik bertso, apur bat ezagutu genuen Eustakio Larrabeitiren figura. Laukizko Ganene baserria zuen bizilekua, herriaren erdian zeukan ehun-tailerra, jendearentzat idazten zituen hitz-neurtuak, Euzkadi egunerokoan argitaratu zuena… Mila zertzelada polit hurbileko euskal kultura hobeto ulertzeko.
Hemen duzue 2014ko maiatzeko berbatxangoaren kronika, Iñaki Vidalek idatzitakoa, argazkiak Victoria Bengoak egindakoak, eta bideoa Sopelako lagunen eskutik, denoi eskerrik asko!
Berbatxangoak eskualdeko euskara-elkarteen artean antolatzen ditugu, Erandioko Berbotsek, Sopelako Aitxuk eta Getxoko Egizuk, hurrengo hitzordua ekainaren 15ean izango da eta eskualdeko gaztetxeak izango ditugu berbagai.
Leave A Comment