Koldori eskertu behar diogu oraingoko kronika, mila esker!
Goizeko 9:10ean Fadurako polikiroldegiko aparkalekuan kotxetik bizikleta montatzen ari nintzela lehenengo bizikleteroa ikusi nuen, Edorta.
Eguraldiagatik egun aproposa bizikletaz ibiltzeko, Galdakaon behintzat. Faduran gero eta lainotsuago.
Han Edorta, Aroa eta hirurok besteok itxaron bitartean mekanika tailerrean ikasitako zerbait praktikan jartzen hasi ginen, Aroaren atzeko kubierta aldatu genuen.
Hortik gutxira hasi zen agertzen Bilbo eta Barakaldoko jendea. Bego bere karbonozko makinarekin, Gema, Aitor triatleroa, Maria, Iñaki eta gure zaindaria: Dabid.
-Eta Juanjo ze arraro ez etortzea, ezta? Patxi, Maddi, Mireia? Maite desagertua agian urtebetetzea ospatzen, Naiara… Eta besteok?
Ohiko agurrak, falta den jendeari buruz galdetu, eta ziurtatzean guztiok geundela Mungiarantz abiatu ginen goizeko eguzkia desagerturik. Tropelaren atzeko partean Aroa eta biok lasai gindoazela halako batean iturria topatu genuen. Geldialdi arina egin arren Sopelarako bidegorritik erdi galduta geundela konturatu ginen. Gure Dabidi deitu eta atzetik gure bila zetorren Aitorrekin elkartu ginen. Sopelako frontoian berriro artaldea batu eta Urdulizerantzko bidea hartu genuen.
Maldak gora, behera, paisaiak benetan ikusgarriak baserrien artean, nahiz eta lainoartean egon, eta Butroiko Gazteluan argazkia egiteko geldialdia egin genuen.
Berriro Mungiarantz eta hor galdu nintzen bigarren aldiz, Gatika aldean. Mungiara heldu, Aroari deitu eta tropela heldu bitartean Mungia ezagutzeko aukera eduki nuen. Tropela Udaletxe aurreko enparantza erraldoi eta politera heltzean, indarrak berreskuratzeko, bidean komentatutako tabernara hurbildu ginen: pintxoak, kafesneak, kañak… lasai-lasai tabernatik kanpoko mahaitxoan hartu ostean, berriro Fadurarantz.
Ez nuenez hirugarren aldiz galdu nahi, Dabiden gurpilari jarraiki ibili nintzen. Baserrien artean trafikoa saihesten ibili ginen. Bidegurutze batean bi mastin handi ikusi, hipikako umeak zaldi politekin, paintbalera jolasten ari ziren batzuk behatu… benetan ez geneukan aspertzeko astirik bizikleta gainean.
Bitartean Dabidek bere paperezko maparekin gidatu gintuen Getxorantz.
Fadurara heltzean jendea agurtu, hurrengo txangorako datari buruz galdetu…
Benetan oso goiz polita pasatu genuen. Ea ekainekoan nora goazen…
Argazkiak, Mariarenak eta Davidenak! Eskerrik asko eurei ere. Eta noizko argazkilariordea?
Hemen duzue burutu genuen ibilbidea, joanean eta etorrian, berria!
Leave A Comment