Igande honetan, urriaren 19an, gonbidapen berezia dugu Getxoko etorkinen plataformako lagunekin batera. Toponimia-ibilbidea antolatuko dugu oraindik euskara ez dakitenentzat gure herriko leku izenak eta historia hobeto ezagutu dezaten. Horretarako Josu Larrañaga gida bikaina izango dugu.
Ordutegia: 10:30 – 14:00
Izena emateko: plataformagetxo@hotmail.com posta elektronikora jo dezakezue, irteera doan da.
Areetatik Portu Zaharrera, bizimodu modernotik tradizionalera
Getxoko historia eta bizimoduak ezagutuko ditugu, Areetatik Portu Zaharrerainoko kostaldeko leku-izenak eta paisaia oinarri hartuta.
Goizeko 10,30etan batuko gara Areeta eta Portugalete batzen dituen zubi esekiaren ondoan. Munduko zubi transbordadore zaharrenaren ingurukoak entzunda, Ibaizabal ibaiaren sarreran itsas garraioari lotutako lanbideak gogoratuko ditugu: zirgariak eta lemanak. Garai batean, Areetako hondartza luzeak bainuak hartzeko leku apropos baten bila joandako hainbat lagun hartzen zituen uda aldean. Gizarte klase ertain eta altuko udatiar haiek, azkenerako, itsas bazter hura bizilekutzat hartu zuten.
Pasealekuan barrena garai hartako etxeak ikusiko ditugu, eta XIX. mende amaieran hutsetik sortutako beste auzo dotore baten aipamena ere egingo dugu: Neguri. Izena eta izana denak berriak.
Arriluzeko portura iritsi aurretik haitz gainean eraikitako etxe dotoreen ikuspegiaz gozatuko dugu. Behin portura helduta, bertako Itsas Salbamenduko etxearen inguruan, arrantzak eta jolas nabigazioak izan zuten lekua ekarriko dugu gogora.
Aurrerago, Ereaga hondartzaren erdialdean dagoen Igeretxek Areetako balnearioei ostutako protagonismoaz ere arituko gara. Goiko aldean, garai bateko dirudunek eraikitako etxe ederrak guri begira igarriko ditugu. Portu Zaharrean, azkenik, itsasoak getxoztarrentzat izan zituen bi lanbideez arituko gara, arrantzaleez eta –berriro ere– lemanez. Auzo irregular honen osaera eta izaera bereziak azalduko ditugu, izan ere , etxe txiki zuri horietan dago Algorta auzoaren jatorria.
Leave A Comment