Urriaren 19an izan genuen toponimia-ibilbidea, Josu Larrañagak gidatua. Hamabost bat lagun elkartu ginen Areetatik Portu zaharrerainoko bidea egiteko, eguraldi bikaina lagun.
Munduko zubi transbordadore zaharrenaren ingurukoak entzunda, Ibaizabal ibaiaren sarreran itsas garraioari lotutako lanbideak gogoratuko genituen: zirgariak eta lemanak. Garai batean, Areetako hondartza luzeak bainuak hartzeko leku apropos baten bila joandako hainbat lagun hartzen zituen uda aldean. Gizarte klase ertain eta altuko udatiar haiek, azkenerako, itsas bazter hura bizilekutzat hartu zuten.
Pasealekuan barrena garai hartako etxeak ikusi genituen, eta XIX. mende amaieran hutsetik sortutako beste auzo dotore baten aipamena ere egin zuen Josuk: Neguri. Izena eta izana denak berriak.
Arriluzeko portura iritsi aurretik haitz gainean eraikitako etxe dotoreen ikuspegiaz gozatu genuen. Behin portura helduta, bertako Itsas Salbamenduko etxearen inguruan, arrantzak eta jolas nabigazioak izan zuten lekua ekarri genuen gogora.
Aurrerago, Ereaga hondartzaren erdialdean dagoen Igeretxek Areetako balnearioei ostutako protagonismoaz ere aritu ginen. Goiko aldean, garai bateko dirudunek eraikitako etxe ederrak guri begira igarri genituen. Portu Zaharrean, azkenik, itsasoak getxoztarrentzat izan zituen bi lanbideez aritu ginen, arrantzaleez eta –berriro ere– lemanez. Auzo irregular honen osaera eta izaera bereziak azaldu zizkigun gidak, izan ere, etxe txiki zuri horietan dago Algorta auzoaren jatorria.
Leave A Comment