Etxe Andia garagardauak

Etxe Andia garagardauak

Eguraldi ezin hobea izan genuen pasa den igandean, ezin hobea paseatzeko, eta ezin hobea freskatzeko bertako produktuekin: Etxe Andia garagardoa (Urduliz ) eta Etxebarria Upategia (Gatika). Ia-ia 20 lagun batu ginen berbatxangoan.

Etxe Andia garagardoa ezaguna da eskualdean, aspaldi egiten du garagardo mota asko. Han ikusi genituen garagardoaren oinarriak: laborea, malta, lupuloa… eta azaldu zizkiguten garagardo mota bakoitzak zein prozesu behar duen. Hasieratik dastatu genuen Lager mota bat, gero garratzagoak, Ale, eta, amaieran, ponpa batekin (presiorik gabe) ateratako beltza bat hartu arte. Interesgarria izan zen prozesua ezagutzea, sinplea zein konplexua, azken finean prozesu kimiko naturalak besterik ez ei dira. Jonek, Etxe Andiaren nagusia (langile-nagusia ere bai, enpresa txikia baita) esan zigun ostiral arratsaldeetan irekita egoten dela saltzeko eta instalazioak erakusteko. Joan ginenetariko bat baino gehiago hurbilduko gara.

Azalpenak Etxe Andian

Azalpenak Etxe Andian

Garagardoa hobeto hartzeko, hamaiketakoa hartu genuen; beharrezkoa, bidaiaren helburua ikusita. Etxebarria upategiak txakolina egiteko instalazio konplexuago du, ardoaren kantitateak eta prozesua pixka bat desberdinak dira eta. Hor, lau kideek, eta berriro ere langile-nagusiek, aurkezpena egin ziguten: zeinak diren bertako mahatsak, jatorrizko izendapena, nola funtzionatzen duen, muztioa nola ardo bihurtzen den, miraririk gabe, prozesu kimiko naturalari esker…

Butroi upategian

Dastaketa egin genuen. Irakatsi ziguten ikusten, usaintzen eta dastatzen txakolina. Mota desberdinetako txakolinak probatu genituen. Ondoren, berriro hamaiketakoa, txakolinaren batera. Txakolina ez da garagardoa; gainera, metatzen ziren dastatzeak; beraz, tortilla eta txorizoa funtsekoak izan ziren. Aurreko kasuan bezala, botilatxo batzuk erostera joango gara noizbehinka, goxoa da eta gainera oso hurbil dugu.

Butroiko txakolina aztertzen

Butroiko txakolina aztertzen

Laburbilduz, ikasteko, ondo pasatzeko eta gauza berriak ikusteko aukera ezin hobea izan genuen, hainbeste txakolin eta garagardorekin, ondo ez gogoratu arren.

Hemen duzue argazkien albumerako esteka: https://www.flickr.com/photos/egizu/sets/72157648983750462

———

2014ko urriaren 26an egindako berbatxangoaren kronika duzue hau, eskerrik asko parte hartzaile eta antolatzaile guztioi! Hurrengo berbatxangoa azaroaren 16an izango da: “Uribe Kostako elizak”, Jesus Muñizek gidatua.