Elgeta Memoria argazkia:  Txeng Meng CC BY-NC 2.0

Elgeta Memoria argazkia: Txeng Meng CC BY-NC 2.0

Hurrengo berbatxangoaren gonbidapena dakargu oraingoan, memoria historikoan murgilduko gara martxoaren 15ean, Elgetara joango gara Memoria Hitsorikoaren Euskal interpretazio zentrora, frontearen kokalekura, lubakietara… Behean txangoaren informazio praktikoa topatuko duzue, ordutegiak, izena emateko moduak…

Txangoa: Elgeta / Intxortako 1937ko garaietara

1936an, Francoren aldeko matxinatuek, altxatu bezain laster, Gipuzkoa hartu zuten. Iparraldeko frontea azkar aurreratu zen, eta beldur zen ez ote zuen Bizkaia ere -Gipuzkoa bezala- galduko. Dena den, bertakoen ahaleginei esker, frontea leku estrategiko batzuetan gelditu zen. Duela gutxi, gogoratzeko ekitaldiak egin dira Zirardamendin, fronte bereko beste sektorean (Elgoibar). Baina Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko mugan borroka handiena Elgetan egin zen.

Intxorta mendilerroan egingo dugun txango honetan, Elgetatik ikusiko dugun ikuspegiak bistan utziko du bertako balore estrategikoa. 1937an, hasieran, Molak berak zuzendu zituen erasoak, eta indar askoz handiagoa eta prestatuagoa izan arren, kale egin zuen behin eta berriro.

Espaloia guneko erakusketa

Espaloia guneko erakusketa

Azkenean, Elgeta 1937ko apirilaren 24an hartu zuten nazionalek. Lapurketak, anarkia, sufrimendua eta errepresioa hasi ziren orduan, kaotikoa hasieran eta ondo planifikatuta ondoren.

Elgetako Memorialean ikusiko dugunak ertz asko izango ditu. Batzuentzat, historia militarraren guda-gertaera bat izango da: bi indarren arteko borroka, materiala, estrategiak, armak, lubakiak, babesteko lekuak… Beste batzuentzat, ordea, Memoria Historikoa izango da hor dagoena: gogoratu behar dugu hango gudari, miliziano eta herritarrak orden demokratiko eta justiziaren alde borrokatu zirela, eta beste askoren (herritarrak, anonimoak, errepresaliatuak…) bizitza betiko geratu zela etenda. Beste batzuek aldarrikapena ikusiko dute: hobea izan zitekeen mundua, faxismoak zapalduta. Amaitzeko, ondarea ere ikus liteke txangoan: babeslekuen funtzionamendua, berreraikitzea, tipologiak eta mantentzeko aukerak nolakoak ziren.

Bi espaziotan zatituta dago, eta bietan esandako ertz guztiak ondo islatzen dira. Alde batetik Espaloia Gunean. Horko erakusketak aztarna militarrak eta egun horietako posizioak azalduko dizkigu. Aldi berean, errepresioa, herriaren sufrimendua… ere aldarrikatzen du erakusketak, proiektuan oso garrantzitsua da-eta.

Ibilbidean ikasiko dugu zergatik izan zen garrantzitsua Elgeta, lubakiak ikusiko ditugu -batzuk konponduta, beste batzuetan aztarnak besterik ez- eta baita lurreko zauriak, posizioak eta gudaren hedapena ere.

Elgeta leku ezin hobea da memoria, aldarrikapena, historia, historia militarra, armak, ondarea… antzemateko eta ulertzeko. Urte zail eta anker haietako ikuspegi ezin hobea.

mendian

Busa non eta noiz:
Sopela, 8:30ean Eliza aurrean
Algorta, 8:45ean Telepizzan
Erandio, 9:00etan Gasolinoan

Bisita-gidatua 10:30etik 14:00etara Memoria historikoaren euskal interpretazio zentrora, frontearen kokalekura, lubakietara…

Amaiera: 15:00etan buelta Elgetatik Erandiora, Algortara eta Sopelara.

Prezioa: 5€ (busa eta mokadua) helduek; umeak doan. Leku mugatuak, eman izena lehenbailehen!

Aldez aurretik izena eman herriko euskara-elkartean: Erandio (berbots@gmail.com / 630 404 170), Sopela (aitxuizuba@gmail.com / 603 894 364), Getxo (egizugetxo@gmail.com / 644 277 155)

Berbatxangoak Erandioko Berbots, Sopelako Aitxu eta Getxoko Egizu elkarteen artean antolatzen ditugu, eskualdeko ondarea, euskara eta euskal kultura sustatzeko.

Brbtxn_intxorta640