txerra_rodriguez

Autoedizioaren bidetik plazaratu berri du Txerra Rodriguezek “Sutondoko kontuak”, haren lehen liburua. Soziolinguistikari buruzko saiakera-liburu laburra da, Garaigoikoa blogetik abiatuta; txatalez osatutako lana, han-hemen bildutako “kontuez” osatua, soziolinguistikak eta haren dibulgazioak lotuak datoz guztiak.

Hauxe da “Sutondoko kontuak” liburuaren atzeko azalaren testua:
Txatalez osatutako liburua duzu hauxe, irakurle. Sutondoetan izaten diren elkarrizketen antzera, anabasa nagusi dela ematen du orri hauetan. Hala ere, dena hari ikusezin batek lotzen du: soziolinguistikak eta haren dibulgazioak. Izan ere, soziolinguistikaren erpinetatik edan, digeritu eta zuei botatakoak dira berba hauek guztiak.
Istorioak txirikordatzen dira liburuan, batzuetan umore beltzetik, beste batzuetan gordinetik. Josi eta jostatzen. Utopiatik errealitate gordinera, ametsetik ezintasunera maiz. Baina ilusioak eta kemenak blaitzen dituzte liburu honen istorioak.
Liburuan, gainera, ez dago disimulurik. Sutondoko lapikoetan zer dagoen argi erakutsi nahi izan du egileak, bere ikuspuntua argi utzi du, han eta hemen egin dituen lapurretetan, baita berak esandakoetan ere.
Sutondora batu eta supazterrera arrimatu, su berriak pizten eta su zaharrak mantentzen. Garenaren eta izan nahi dugunaren arteko amildegian zorrotz. Berbatik berbara saltoka adarrik adar, baina euskaltasun berriaren enborrari lotuta.”

sutondoko-kontuak

Irakurri gura duzuenok, adi:

Bilbon eta Durangoko azokan liburua erosteko aukera izateaz gain, Algortan ere beste salmenta-puntu bat izango duzue, bakarrik 10 eurotan: Martikoena kaleko 16. zenbakiko Udalaren eraikineko bigarren solairuan, Egizuren bulegoan hain zuzen, 09:00tik-20:00ra arte. Anima zaitezte, merezi du eta!