Kobaronera egindako irteera

Kobaronera egindako irteera

Maddi, Patxi, Gemma eta laurok (Angel).
2016ko azaroaren 19ko bidaiaren kronika (65 km)

Faduran, goizeko 9,07an eta hemen ez dago inor, banoa Bizkaiko zubira berandu baino lehen. Portugaleten, 9,36ak, zer pasatzen da gaur? Telefonoan gmaila ikusten dut, bai gaur zen, 19an ordua 9,30ean zubian… eta beste plan bat pentsatzen hasi orduko hara non Zubiko geltokian Maddi eta Patxi agertzen diren eta berehala Gemma ere bai. Bueno badogu kuadrila txirringaz ibiltzeko. Haiek whatsapp taldearen bidez bazuten denon berri, ea hurrengo baterako taldean sartzen nauten galdurik ez egoteko.

Behin guztiok bilduta Kobaronera joatea adostu dugu, Zugaztietara igotzea zoru bustiarekin… lokatz-txokolatez blai gelditzeko aukerak ez gaitu erakartzen, beraz, bagoaz maldan gora Portugaleteko alde zaharretik bide gorrirantz. Gazte denboran Portu oso modan zegoen eta hara joaten ginen ligatzeko asmotan, bai, asmoak besterik ez. Behin La arena edo Zierbanako bide gorria hartuta, eguraldia eta hego haizea lagun laster heldu gara hondartzara. Petronor pixka bat inguratuz Pobeñara heldu gara eta eskaileretatik gora itsas ertzeko bidean gaude. Ordurako eguzkia lagun, eta itsasoko olatuak aurrean ditugula argazki batzuk atera ditugu, taldeko alferrei inbidia emateko. Nola esaten da “postureo” euskaraz? Jarrereo, itsurikeria, jarrekeria… filologoren bat, lagundu mesedez! Edorta, help!

Itsas ertzeko bideak eta Dona Jakue bideak bat egiten dute baina bat batean lurjauziak direla eta ezin dugu Kantabriako mugara heldu eta bueltan Kobaronen asfaltozko bidea hartu dugu, La arena hondartzara heltzeko Pobeñako zubia igarota. Sunset tabernara goaz, oso polita eta ordurako 11,30ak inguru kilometro batzuk eginda pintxo sesioa dugu. Batzuek salda eskatu dugu, baina itsasoko ura ematen du, ze gatz pila, beraz ohiko kafesnera pasatu gara. Behintzat lekua ederra da eta itsasoa ikusgarri dago hor.

Kostaldea

Kostaldea

Bagoaz bueltan berriz bide gorrira, baina oraingoan hego haizea zakartu zaigu eta gure kontra dago, hasi da eguerdia iluntzen hodei batzuk direla eta. Dena den, hor jarritzen dugu, beste kirolzale ugarik bezala, baina Portugaleten gelditu beharrean Gemmari laguntzeko jarraitu dugu bidegorrian aurrera: Sestao, Megapark, BEC, Lutxana… ez nituen bide gorri hauek ezagutzen. Ze ondo dagoen ezkerraldea eta ze pobreak garen eskumaldean, Getxoko bidegorria eta kitto, ez loturarik txoriherrirekin, Mungialdearekin, Ibaizabaleko eskuin ertzarekin…

Bueno Lutxanan Gemma agurtu dugu, Bilborantz doalako eta gu ibaiaren ertzetik Errontegi zubi azpitik pasa gara eta nola edo hala Portugaletera heldu gara eguerdiko ordu bietan. Zubia pasata Fadurara heltzean Patxik 65 km egin ditugula diosku, ez da marka txarra lauron artean banatzeko. Ia hurrengoan gehiago datozen, komentatu dugu ona litzatekeela hileroko lehen asteburua gordetzea, baina hori datorren urterako lagako dugu.

Eskerrik asko, Angel, kronikagatik, txalo bero bat!!!

Hemen dituzue argazkiak: https://www.flickr.com/photos/egizu/sets/72157675297463952/