Otsailaren 9an, Miren Agur Meabe gonbidatu genuen “Titare bete zorion” liburuaz berba egiteko. 60 lagun baino gehiago bildu ginen eta esperientzia zuekin konpartitu nahian Jose Antonio Agirre euskaltegiko ikasleek beheko kronikatxoa idatzi dute; mila esker lagunak 🙂

Aurreko ostegunean, otsailak 9, Jose Antonio Agirre euskaltegiko ikasleak Erromoko Nagusien Etxera joan ginen, Miren Agur Meabe Lekeitioko idazlearekin egotera. Idazlearen “Titare bete zorion” liburua irakurri genuen euskaltegian eta horregatik joan ginen idazlea ezagutzera.

Solasaldiak hiru parte izan zituen. Hasteko, bere bizitzari buruz hitz egin zuen eta kontatu zigun nola utzi zituen bere irakasle eta editorialeko lanak bere ametsa lortzeko; hau da, idazteko denbora gehiago izateko.

Ondoren, Arian metodoaren bere beste liburuei buruz hitz egin zuen eta liburu bakoitzaren laburpentxoa egin zigun. Alde batetik, azaldu zigun nondik ateratzen zituen ideiak liburu bat idazteko orduan. Berarentzat idaztea txalupa batean joatea bezalakoa da eta ibaian zehar doanean hemendik eta handik hartzen ditu gauzak, bere istorioa kontatzeko. Beste alde batetik, liburu guztietan bere bizitzako, familiako, lagun taldeko zerbait agertzen dela aipatu zuen.

Amaitzeko, “Titare bete zorion” liburuari buruz hitz egin zuen eta nahi izan genuena galdetzeko aukera izan genuen.

Hau izan da guk euskaraz irakurri dugun lehenengo liburua eta idazlearekin egon ahal izatea oso polita eta interesgarria izan da. Idazleak azalpen argiak eman zituen gure euskara maila kontuan hartu zuelako eta hori eskertzekoa da. Beste liburu bat irakurtzeko gogoa piztu zaigu!!!

Solasaldia bukatutakoan, gure liburuak sinatu zituen: idatzitako dedikatoria guztiak irakurri genituen eta denak desberdinak bezain politak iruditu zitzaizkigun.

Oso ideia ona iruditu zaigu eta hemendik aurrera gure euskara maila duten ikasleentzat honelako gehiago egitea ondo egongo litzatekeela uste dugu.

Mila esker EGIZU eta Miren Agur Meaberi!!!

 

UKITX: Miren Agur Meabe, titare bete zorion