Ustrukutarrak, otsailaren 24ko saioa

Ustrukutarrak, otsailaren 24ko saioa

Hamar lagun elkartu ginen joan den barikuan Villamonten, Isa, Lander, Haize, Amaia, Jon, Maddi, Paule, Ikerne, Jon eta neu. Kantuak, asmakizunak, esamoldeak, mina dugunerako formula magikoak, Patxi artzaina eta Tartaloren ipuina, zotz egiteko moduak, aspaldian ikasitakoak batzuk, orain dela oso gutxi besteak… Hemen dituzue nire apunte batzuk. Gure hurrengo hitzordua martxoaren 24an izango da, 18:00etan Villamonte kultur etxean, denok zaudete gonbidatuta. Gure proposamena hurrengorako: sehaska kantak. Ea zer topatzen dugun. Eskerrik asko, ustrukutarrok, plazera izan zen saioa zuekin partekatzea.

Kanuto

Egun baten Kanuto
kalera joan zan,
karruak zapalduta
etxera joan zan.

Amak esan ei eutsan
lotara joateko,
atzera kontestau eutsan
ez dot nahi amatxo.

Kanuto Zizilindro,
zilindro, Zilindro,
Kanuto Zizilindro…
pux! pux! pux!
——————

Ala kinkirriñera

Ala kinkirriñera,
ala samurrera,
Joxepa plaza berriko:
jira adi beste aldera
——————

Asmakizunak

Pipitaki, papataki,
Nik baitakit gauza bat
Algorta gainean gazta bat.

ilargia
——————

Pipitaki, papataki,
Portuzarrean kulunka,
soka batetik lotuta.

txalupa
——————

Puntan punta bi,
beste puntan zulo bi.

artaziak
——————

Mina dugunerako

Mina mina
sendamina
joan da, joan da
zure mina!
——————

Zotz egitekoak

Kukumiku

Kukumiku kainola
kainaberian larrosa
Pitxoke eta Pitxote
Jaunak nora zoazte
Kalian gora
kalian behera
biribiltxua alkate
eskuan daukat hazixe
poltsan urre gorrixe
amomatxuak balekixe
ata(ra)ko leustake begixe!
——————

Dona dona

Dona, dona, katona
Sutondoan aitona
Lepotik behera kuttuna
Atera kanpora
neska-mutil tuntuna.
——————

Esamoldea

Elur, elur, ez naiz zure beldur,
etxean badugu artoa eta egur
——————