Aurreko ostegunean, maiatzak 18, Getxoko Berbodromoaren 6.edizioa ospatu genuen. Goizez euripean eta arratsaldez eguzkiaz lagunduta, Euskadi tropikalak daukana. Goizeko saioan euriak ez gintuen gelditu eta San Nikolas plazako frontoi arkupean oso gustura ibili ginen euskaraz berbetan. Saioen artean kafe beroa hartu eta bizkotxo gozoaz hurrengo saiorako indarrak berreskuratu genituen.

Arratsaldean, berriz, Algortako erdigunetik Erromoko erdigunera mugitu ginen, gauregun hain modan dagoen pintxo-poteaz gozatzera. Oraingoan bai, eguraldiak errespetatu gintuen eta poteo gunean zehar 12 taldetan banatu ginen. Arratsaldeko saio hau arrakastatsuena izan zen eta 70 lagun pasata ibili ginen kaleak euskaraz betetzen. Bukatzean kantu-poteoa egon zen eta jende gehiago batu zitzaigun jaiarekin bat egitera, giro bikaina sortu zen euskal kantaz lagunduta.

Eguna bikaina izan zen eta eskerrak eman nahi dizkizuegu hurbildu zineten guztioi, zuek zarete euskarari egunero bizitza ematen diozuenak eta horrela izaten jarraitu dezala lanean jarraituko dugu.

Mila esker!!!