Maiatzaren 24an Getxon 24 ordu euskaraz ekimena izango da, datorren azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herriko herri askotan izango den Euskaraldiaren proba pilotua, udalerrian ekimen horren sustatzaileak diren Udalak eta Bizarra Lepoan eta Egizu elkarteek antolatuta.

Euskaraldiaren zein Getxon 24 ordu euskaraz ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa izango dira, euskararen erabilera sustatzeko. “Udala bat dator ekimenarekin, euskararen erabilera sustatzeko beste urrats bat izango delakoan. Ohitura aldaketak hasieran egun zehatz batzuetarako proposatzen dira, baina gero ere irauteko. Euskaraldia eta ‘Getxon 24 ordu euskaraz’ aurrera eramateak agerian uzten du udala eta euskararen eragileen arteko elkarlana udalerrian”, Koldo Iturbe Euskara zinegotziaren hitzetan.

Horretarako, Euskaraldiak hurrengo roletako bat hartzeko konpromisoa hartzera gonbidatzen du: Ahobizi, lehenengo hitza beti euskaraz egingo duena; Belarriprest, berari euskaraz egitea nahi duena, eta berak euskaraz zein erdaraz erantzungo du, eta Getxon Irribizi ere, euskararik ulertu ez arren, poztu egiten dena euskara entzuten.

 

Izenematea

Getxon 24 ordu euskaraz ekimeneko partaideek izena eman behar dute. Rola aukeratzerakoan, horren txapa jasoko dute, soinean eraman ahal izateko ( oraingoan eta azaroan). Informazioa eta hurrengo egunotan izena emateko www.getxoztarrak.eus webgunea dago, euskal hiztunon komunitate digitala. Orain arte 171 lagunek eman dute izena.

Izena emateko mahaiak hurrengo egun eta tokitan ere izango dira: maiatzaren 12an, Erromotruke azokan eta Areetako Amistad kalean, 11:30etik 14:30era; maiatzaren  15ean, Andra Marin, 16:30etik 20:30era, eta maiatzaren 19an Algortako Geltokia Plazan eta San Nikolas Plazan, 11:30etik 14:30era. Udalerriko hainbat establezimendutan ere eman ahal izango da izena (mapa ikusteko klikatu hemen)

“24 ordu euskaraz” ekimenaren egitaraua

Maiatzaren 23an, 20:00etan emango diote hasiera Getxon 24 ordu euskaraz ekimenari, Romoko Santa Eugenia Plazan, Getxoko Euskaraldiaren ahotsa izango diren hamaika lagunen testigantzekin bideotxoaren proiekzioarekin. Tor magoarekin gozatzeko eta Kresaltxu kantari taldeko kideekin batera abesteko aukera ere izango da. “Ondoren, 24 ordu horietan normaltasunez arituko gara norberak euskaraz bizitzeko egindako hautua betez”, azaldu du Garazi Lopez de Uralde, EGIZUko dinamizatzaileak.

Maiatzaren 24an Euskararen berbodromoa ere antolatuko da,  09:00etan eta 11:00etan Romoko Santa Eugenia Plazan, eta 19:00etan Algortako San Nikolas Plazan.

Egun osoan zehar, selfiak egingo dira, ondoren  688653042 telefono zenbakira bidali eta sare sozialetan zabaltzeko, #Getxo24euskaraz traola erabiliz. Bidalitako selfiak amaiera ekitaldian proiektatuko dira, Getxoko Hamaikako kide bik irakurriko duten mezuarekin batera. “Ekitaldia bukatzean 25.orduan ere euskaraz egiteko proposamena luzatuko dugu, hizkuntza ohituretan pausuak ematen jarraitzeko, Euskarak 365 egun ekimenari lotuta” gehitu du Lopez de Uraldek. Ajuria tabernatik hasita kantu-jira poteoarekin amaituko da eguna, Itxar kantu, Itxas Argia eta Itzubaltzeta kantuz-eko lagunekin.