Arantxa Iturbe izan genuen atzo geure Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoaren ikasturteko bigarren solasaldian, azaroaren 29an hain zuzen ere.
Bi ahizpa, urtetan elkar ikusi ez dutenak, bat-batean amaren heriotzak berriro elkartu dituen arte. Asko dute batak besteari esateko, urrun egon diren bitartean bakoitzari gertatu zaizkionak, eta baita lehenagotik nork bere kolkoan gordetakoak ere. Otzan eta esanekoa izana da bata, errebelde eta lotsagabeagoa bestea, ama estu eta zurrunaren alabak biak ere. Trapu zikinak etxean garbitzeko aginduaren kontra, isilpekoak argitara aterako dituzte Arratek eta Begoñak, beren arteko arrangurak eta ezin ulertuak sendatzeko, hezkuntza zikiratzaile baten min herdoilduak goxatzen saiatzeko. Hika teatro taldearentzat idatzitako antzezlana eleberri bihurtu du Arantxa Iturbek sentiberatasunez eta trebeziaz, hitzekin duen dohaina eta pertsonaiekin duen enpatia agerian utziz.
Irakurzale askok aipatu zuten bezala,- “bazirudien Arantxaren ahotsa entzuten nuela koadernoa zuri irakurtzen nenbilenean”.
Eskerrik asko, Arantxa!! Baita gure irakurzaleen txokora hurbildu zineten guztioi ere, giro ederra sortu genuen eta!
Argazkiei begirada bat eman nahi baldin badiezue, klikatu hemen:
Gorde dezagun agendan datorren hilabeteko UKITXen hitzordua:
Abenduaren 13 ostegunean, 19:30ean– Aldai Patronatuan, Kepa Altonaga izango dugu gurean, “Duvoisin kapitainaren malura” eleberriarekin.
Utzi iruzkina