Kepa Altonaga izan genuen atzo geure Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoan 2018ko urtearen azken saioan, abenduaren 13an hain zuzen ere.

Ohikoa da Duvoisin kapitaina heroi handia bailitzan aurkeztea Biblia osoa itzuli baitzuen lapurterara, eta, halaber, Bonaparte printzea aipatzea euskal kulturaren bultzatzaile probidentzial gisa. Betiko irakurketa hori kuestionatzea izan da Duvoisin kapitainaren malura liburu honen abiapuntua.

Kepa Altonagak era konbentzigarrian eztabaidatu du usadiozko interpretazio hori, eta irauli egin du, uzkaili. Uste denaz kontrara soka-tira gogorra gertatu zen Bonaparte printzearen eta Duvoisin kapitainaren artean, gure itzultzaileak argi ikusten baitzuen ezinbestekoa zela prosa supradialektala, euskarari proiekzio kulturalik txertatzekotan. Printzeak orratzez entomologikoki fixatu nahi du aniztasun dialektala; Duvoisinek, ostera, literatura egin nahi du euskaraz. Soka-tira horixe bera bizi izan zuten printzearen gainerako korrespontsalek ere, hala nola Klaudio Otaegik, Johane Arxuk eta Uriarte frantziskotarrak.

      

«Duvoisini buruz idazteko gogoz nintzen –onartu zuen Altonagak–. Bere izena beti ageri da kateaturik Luis Luziano printzearen izenaren parean. Bonaparte ematen du gizon eskuzabal eta onbera zela eta euskararentzat gizon prominentziala izan zela, baina hor badaude argi-itzalak, gure inteligentziak ikusi ez dituenak, ez oraingoak eta ez ordukoak». Altonagaren iritzian, Duvoisinen eta Bonaparteren artean izandako «tentsioak» elkarri bidali zizkioten gutunen azterketak uzten ditu agerian, baita garaikide izan zituzten beste hainbaten eskutitzenak ere. Hala, Altonagak nahi izan du gutun horietan esandakoak xehatu eta saiakera honetan bildu, protagonista bakoitzari atal bat esleituz eta euskararen inguruan izan zituzten iritzi trukeak nabarmenduz. (Gara komunikabidetik ateratako edukia)

Eskerrik asko, Kepa!! Baita gure irakurzaleen txokora hurbildu zineten guztioi ere, giro ederra sortu genuen eta!

Argazkiei begirada bat eman nahi baldin badiezue, klikatu hemen:

https://flic.kr/s/aHskNS7Sis

Gorde dezagun agendan datorren urteko lehen UKITXen hitzordua:

Urtarrilaren 31n ostegunean, 19:30ean– Villamonte Kultur Etxean, Maixa Zugasti izango dugu gurean, “ L.A.A” eleberriarekin.