Ipuin: argitu, garbira pasatu; zenbat buru eta bihotz argitu dira ipunei esker? Gureak, larunbateko saioa eta gero, bai.

Larunbatean Bazen behin formazioaren lehengo saioa izan zen. Romo kultur etxean 18 lagun bildu ginen Dorleta Kortazarren hitzak, ideiak, bizipenak entzun eta ikasteko nahian.

Dorletak bere burua aurkeztu eta gero gure txanda heldu zen, bakoitzak bere burua aurkeztu eta zerk animatu zuen parte hartzera azaldu zuen. Ipuinen jatorriaz hitz egin genuen; amaren ahotsetik datoz entzuten ditugun lehenengo hitzak; hauek gure babesa dira eta beraiei esker lasaitzen gara. Garai batean hitzak, ipuinak, abestiak gure pediatrak izan ziren Eskutxoa-ren bitartez gure ama, amamek gure zentzumenak aztertzen zituzten.

Ahozkotasunaren hiru mailez eta bere eboluzioaz ere hitzegin genuen: ahotik belarrira, idatzizkotik ahozkotasunera eta irudietatik ahozkotasunera.

Teoria entzunda praktikatzeko momentua heldu zen, mahaiak alde batera utzi eta lanera. Bikoteka jarri, batak besteari bi minututan lehenengo aldiz egindako zeozer kontatu behar zion. Ostean bikotea aldatu eta berdina kontatu behar zen baina oraingoan zentzumen bat jokuan sartuta: ikusmena. Amaitzerakoan bikote aldaketa eta beste zentzumen bat: usaimena eta azkenengoan beste zentzumen bat: entzumena.

Gure aulkietara bueltatu, zeozer jan eta ikasitakoa praktikan jartzeko momentua heldu zen: Gure bikoeetako batek kontatutakoari gezur txiki bat gehitu eta besteei kontatu genion. Urduritasun puntu bat nabaritzen zen, horri aurre egin eta lanari ekin genion: autoa, irla, bertsolaria, kobazuloa, mendia, Erromotik mugitu gabe Euskal herri eta munduko bazterrak bisitatu genituen.

Saioari amaiera emateko Dorletak galdera bota zigun: Nolako sentzazioarekin zoazte? Erantzunak oso positiboak, hurrengo saioa heltzeko irrikitan .

Eduardo Galeanok esan zuen oroimena recordis-etik datorrela, honek bihotzetik berriro pasa esan nahi du, ipuinez gain Bazen Behin lehenengo saioa ere gure bihotzetik pasatuko da. Eskerrik asko bertaratu zineten guztiei eta Dorletari.