Beñat Sarasola izan genuen atzo geure Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoan. Jitsi Meet aplikazioaren bidez bildu ginen, maiatzaren 28an hain zuzen ere. 13 irakurzale bildu ginen “Deklaratzekorik ez” liburuari buruzko solasaldian.

Puskatu ezin duen iraganaren zamarekin bizi da Beñat Sarasolaren lehenengo nobelako protagonista. Ez baita erraza iragana ahaztu nahi baina utzi ezin duenaren bizimodua. Militante politiko inplikatua izana gaztetan, inplikazio horren kontrakarrean bizi nahi du orain, 90etako mundu gatazkatsu harekiko destaina azalduz.

Udal liburutegian lan egiten du, lagun arteko giroa gordetzen du azaletik bada ere, gaitzak erasandako aitaren zaintzaz arduratu behar du, harreman afektibo korapilatuak ditu —bere bikoteak Madrilen egingo duen masterrak distantzia fisikoa dakarkio bestela ere arrakalatua dagoen harremanari—, eta gutxienik espero duenean atzera bere iraganera ainguratuko duen elementu apurtzailea izango da Poliziaren agerpena.

Ertz oso garratzeko protagonista dakarkigu Sarasolak Deklaratzekorik ez eleberrian, bere buruarekin eta inguruarekin bakean bizitzea lortzen ez duen pertsonaiaren bitartez egungo gizartearen erretratu bat eskainiz

Beñatek atzoko egunean kontatu zigun, hasieratik argi zuela 7-8 urte idaztea kostatu zaion nobela honetan, protagonistaren ikuspuntutik kontatu nahi zuen istorioa dela “Deklaratzekorik ez”. “Planifikazioa inportantea da”.

Pertsonaiak sortzen hasita, aitaren pertsonaia berandu samar sortua izan zela aitortu zigun eta gainera zalantzatan ibili zen sartu edo ez…nobela dispertsatzeko beldurra ematen baitzion.
Ikuspuntu politiko batetik ohikoa da gurasoen borrokak eramatea belaunaldiz-belaunaldi eta kasu honetan ere nabaria da adibidez gizonen arteko harreman horietan zailtasun afektiboak, aita gaixo bere zaintza…

Beñatek kontatu zigun, zailtasun handiena protagonistaren ahotsa nola modulatu beste narratzaile bat sartu gabe. “Nik argi nuen dena fokalizatu nahi nuela protagonista horretan. Pertsonaiaren bulnerabilitatea eta ahuldadea erakutsi nahi nuen”.

Idazkera bizia, aldakorra eta egoerara moldatua da. Gainera Beñatek esan zigun bezala, lizentzia batzuk hartu ditu liburuan zehar 😉 “Hizkuntza zimurtu behar da”.
Izenburuari ere erreparatu genion. Hasiera batean nobela honek “Aitortzekorik ez” deituko zela Xabier Montoyaren nobelan zentratua. Izenburu honen istorioa airepuertoetan aduanan eramaten dituzun kontuak deklaratu edo ez, une horri egiten dio men. Nahiz eta ezer ez eduki deklaratzeko azken finean amaitzen baitugu normalean dena deklaratzen “badaezpada”.
Gazteleraz itzulia dago liburua dagoeneko eta laister egongo da eskuragarri

Asebetetze inkesta duzue hemen: https://forms.gle/coLLPEGvvGpLZCVj6

Eskerrik asko, Beñat Sarasola!
Baita gure irakurzaleen txoko berezi honetara hurbildu zineten guztioi ere, giro ederra sortu genuen eta!