Algortako Portuzaharrean elkartu ginen atzo, azaroak 1, Getxoko hainbat euskaltzale; herri-argazkia egin genuen eta gure babesa adierazi genion larunbat honetako Kontseiluak deitutako manifestazioari. Algortatik batera joteko 16:00etan geratuko gara, metroko sarreran, bazatoz?
Azaroaren 4ko manifestaziora joateko hiru arrazoi:
Botere judizialaren eskuhartzeak salatzeko.
Auzitegiak euskararen normalizaziorako politika publikoak bideratzen dituzten arau eta neurriak baliogabetzen ari dira, horrenbestez euskararen normalizazioa oztopatzen. Beste era batera esanda, botere judiziala ari zaigu hizkuntza politika egiten eta determinatzen; argi uzten nork duen azken hitza.
Euskararen normalizazioan aurrera egiteko.
Euskara da zaurgarritasun egoeran dagoen hizkuntza, eta gertatzen ari dena are eta larriagoa da abagunea aintzat hartzen bada. Izan ere, munduaren egungo testuinguruan aurrera begirako erronkak biderkatu egin zaizkio euskarari eta euskaldunon komunitateari. Azken hamarkadetan gure errealitate soziolinguistikoa asko aldatu da, eta horrexegatik, euskalgintza aho batez ari da esaten azken denboretan jauzi bat behar dela hizkuntza-politiketan. Diagnostikoa garbia denean eta tresna berri eta indartsuen premia erabatekoa, orain arteko lana eta adostasun sozialak ere eraisten ari zaizkigu. Sententziek eragingo dituzten atzerapausoak onartezinak dira. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko momentua da, ez atzera egitekoa.
Herritarron eskubideak erdigunean jartzeko.
Pertsona guztiek beraien eskubideak bermatuak izan beharko lituzkete. Aldiz, egunero urratzen dira euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak. Euskararen normalizazioa oztopatzeak milaka herritarren hizkuntza-eskubideen urraketarekin segitzea dakar berarekin, eta, horrenbestez, justizia soziala, gizarte kohesioa eta bizikidetza kaltetzea. Euskaldunek gainerako herritarren adinako eskubideak bermatuak izatea eskatzen dute, beste inori eskubiderik kendu gabe.
Leave A Comment