Aurten ere, Eperra eta Alozeko ikastolak hauspotzen laguntzeko asmoz, Ikaskoli egitasmoko otzarak jaso ahal izango dira Getxon, Azebarri kultur elkartearen egoitzan. Hiru saski mota daude, 50, 57 eta 68 eurokoak, eta azaroaren 26ra arte egin daiteke eskaria, Ikaskoliren webgunean.

Tokiko ekoizleen produktuez osatutako saskien salmentaren bitartez, kanpainaren helburua da ikastola bien finantzazioan laguntzea. Izan ere, seme-alabek euskaraz ikasteagatik, gurasoek ikastetxeon funtzionamendurako finantzazioaren % 30 jartzen dute eta administrazioek % 20; gainontzeko % 50a mota honetako gizarte-ekimenen bitartez eskuratzen dute.

“Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, ikastolek bermatzen dute euskararen transmisioa. Bestetik, azken garaiotako informazioa gogoan hartuz gero, ikastolen alde ari diren militante orok badaki deus onik ez dela itxaron behar Frantziako Estatuaren aldetik. Murgiltze eredua zalantzan jarri dute, eta, ondorioz, euskararen geroa kinka larrian egon liteke. Beraz hobe, gaurdanik gure esku dagozen dinamikak martxan jartzea, bihar eta etorkizunean autonomia handiago batekin bizitzeko gisan. Horretan datza ere saski salmentaren funtsetako bat”, azpimarratu dute arduradunek.

Ohi legez, hiru saski mota egongo dira salgai, Zuberoako hiru eskualdeen izen bana hartu dutenak. Ekoizleek lotura zuzena daukate ikastolakaz eta produkzio txikiko ekoizleak dira, “kalitate handiko mozkinak eskaintzen dituztenak”.

Eskariak azaroaren 26ra arte egin daitezke, www.ikaskoli.eus webgunean; otarrak abenduaren 15tik aurrera eskuratu ahal izango dira, Azebarri kultur elkartearen egoitzan, Algortan.