[ ; – ] k l i s k a . 002

eskerrik beroenak Olaia eta Garazi txirrindulari finei!

BERTON IKUSIA ::: Ehun Berbalagun
DATORRENA ::: Zelan ligatu SMS-ez ?
AGENDA ::: Euskarazko jarduerak
ELKARRIZKETA ::: Merkatari euskaldunak + Arantza & Joseba
IRITZIA ::: Getxon gurasoak ere euskaraz + Lander Solozabal
EUSKARAZ BIZI ::: UKBERRI.net + Eskualdeko egunkari digitala

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

BERTON IKUSIA ::: Ehun Berbalagun

100 berbalagun

EGIZUN GABILTZANOK KOPURUARI baino pertsonei begiratu izan diegu
beti. Kalitateak erakartzen gaitu, kantitatea hor dagoen kopuru bat da,
gehienetan hotza izan daitekeen zifra. Berbalagunak nortzuk dira?
Zergatik dute interesa parte hartzeko? Zaharrak, gazteak, ikasleak,
irakasleak, emakumeak, gizonak.
Gehienek nahi baino gutxiagotan egiten
dute euskaraz, eta horregatik datoz, euskaraz ondo pasatzera. Euskaldunon
harreman sareak sendotzen ditugu egunerokoan.
Aurten Getxon 100 lagunek
eman dute izena Berbalagunan, azkenengo urteetako kopururik handiena.
Gu harro gaude! ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

DATORRENA ::: Zelan ligatu SMS-ez?

EUSKARAREN JARDUNALDIAK OSPATZEKO SMS lehiaketa antolatu dugu. Mezuen
gaia ligatzea izango da eta gure helburua gazteak, euskara eta teknologia berriak
elkartzea da.
Nahi beste mezu bidali ditzakezu azaroaren 20tik 28ra 605739916
telefono zenbakira. Hiru sari nagusi banatuko ditugu eta parte hartzaile guztiek
opari sorpresa jasoko dute abenduaren 1ean Algortako Kasinon egingo den jaian.
1. saria: eskuko ordenagailua
2. saria: argazki kamara digitala
3. saria: MP3-MP4 irakurgailua

Info: bizarralepoan@euskalnet.net / 94 491 43 57. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

AGENDA ::: Euskarazko jarduerak

Egunez egunekoa

Eguaztena, 22 ¤ 20:00 Hitzaldia eta ardo dastaketa: "Ardauaren gainean" Algortako
Bidebitarte txokoan. 5 € Informazioa: UK aldizkarian (94 491 13 37)

Eguena, 23 ¤ 19:30 Poema eta testu musikatuak: "Hamar mezu eta dei bat". Piper´s
Irish Pub. Patxi Zubizarreta, Txema Garces eta Josetxo Goia-Aribe.

Barikua, 24 ¤ 19:30 Kontzertua: "Euskal Kantarik Onena", ETBko saioa. Getxo Antzokian. 3€.

Zapatua, 25 ¤ 13:00 & 18:00 Haurrentzako antzerkia: "Cantervilleko mamua" (Hankatxo
antzerki taldea) Getxo Antzokian, 2 €.

Domeka, 26 ¤ 17:30 Bizkaiko Bertsolari txapelketaren finalaurrekoa. Getxo Antzokian.
Sarrerak: www.bertsozale.com-en.

Ikastaroak

"Euskal Kanten tailerra" Getxoko gurasoentzat SENDI Proiektuaren barruan, Zabala ikastetxearen
San Martin kaleko egoitzan. Informazio gehiago: 17:00etatik 21:00etara, 94 491 43 57 edo
685 732 963 telefonoan /www.blogari.net/sendi

Bapigabonak abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean izango ditugu. Izena emateko epea:
bazkideentzat, azaroaren 20tik 27ra eta bazkide ez direnentzat, abenduaren 4tik 11ra.
Informazioa: 94 491 4357 9:30etatik 13:30etara.

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

ELKARRIZKETA ::: Merkatari euskaldunak + Joseba & Arantza

Arantza Etxebarria | Dentista
Bidebarri kalea 27 | 94 430 7696

arantza etxebarria, dentista

* Dentista batek euskaraz min txikiagoa egiten du?
+ Tira, min txikiagoa ez dakit; baina egia da hona etortzen direnak,
euskaraz baldin badakite, konfiantza handiagoarekin etortzen direla eta
gutxiago nabaritzen dutela mina. Horrez gain, nabaritu dut guraso askok
umeak dakartzatela, ni euskalduna izanda, umeekin euskaraz egiten
dudalako. Umeak, oro har, ez dira beldur izaten. Beldurra nagusiengan
ikusten dut sarriago, esperientzia txarren bat izan dutelako-edo;
horrelako kasuetan eta euskalduna bada, jakina, euskaraz eginda
konfiantza gehiago hartzen dute eta, zelan esan… bada, lasaitu egiten
dira.

* Zer motatako lanak egiten dituzu ?
+ Ni dentista orokorra naiz eta denetarik egiten dut: txantxarrak kentzea
(garbitu eta konpondu) eta erauzketak (ateratzeak) egitea dira
ohikoenak gurean. Endodontziak, garbiketak, protesiak jarri ere egiten
ditugu. Horrez gain, ortodontzia, peridontzia eta kirurgia egiteko
prestakuntza ere badaukat. §

Joseba | Gure etxea tabernakoa
Aurrezki kutxa kalea | Erromo

Joseba, Gure etxea tabernakoa

* Zein da taberna honen historia?
+ 1977. urtean ireki zen. Aita zurgina zenez, berak egin zituen tabernako
barra eta hemengo lan gehienak. Hemen ari ginen taberna egiten uraren
mailak izugarri gora egin zuenean eta toki guztietan sartu zenean: 77ko
uholdeetan. Beheko txokoa urez beteta, hau guztia ere lokatz zelaia eginda;
hura anabasa. Lau urte geroago jatetxea ireki genuen, kupelak bertan jarri,
herrian halakorik egon ez eta jendeari gustatu zitzaion, dirudienez. Geroago
itsaski-haztegia jarri dugu, Armintzako itsaskiaz hornitzen duguna.

* Emaguzu arrazoiren bat euskaldunok hona etor gaitezen.
+ Goizetan euskara asko entzuteaz aparte, kafe gozoa prestatzen dugu.
Egun osoan zehar denetariko pintxoak aurkitu ditzakezu 10etatik
aurrera. Horrez gain, edozein ordutan, pintxoak, bokatak edo razio bat
ere ipiniko dizugu barran bertan. Asteburuetan giro polita egoten da,
musika asko jartzen dugu asteburuetan, futbol-partidak… eta igande
arratsaldean jai, noski.

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

IRITZIA ::: Lander Solozabal, SENDI Proiektuko arduraduna

Getxoko gurasoak ere euskaraz

Getxo hazten ari den herria da, herri gaztea; ume asko ditugu herrian eta
haietako gehienek euskaraz ikasten dute eskolan. Eskolatik kanpo esparru berriak lortzen ari dira euskara erabiltzeko: aisialdia, kirola, kultura. Baina gure hizkuntza gizartearen arlo guztietan normalizatuko badugu hau guztia ez da nahikoa izango etxe barruko ohiturak, gurasoenak, aldatzen ez baditugu.

Horrexegatik EGIZU eta Udalaren artean proiektu berria jarri dugu martxan: SENDI Proiektua. Aitzindaria da Euskal Herrian, gurasoak euskararekin lotu nahi dituena. Alde batetik, oraindik euskaraz ez dakiten gurasoak euskararantz hurbildu nahi ditugu, euskalduntzeko dirulaguntzen berri emanez eta edozein gurasorentzako ikastaroak eskainiz.

Bestetik, zerbait dakitenei eta guraso euskaldunei aukera ematen diegu haien euskara maila hobetu eta dakitena erabiltzeko, ez erabiltzetik erabiltzera pasa daitezen. Hau guztia praktikara eramateko bi aukera eskaintzen ditugu: ikastaroak eta GURASOLAGUN Proiektua.

GURASOLAGUNaren bitartez talde txikietan elkartzen dira astean ordubetez, dakiten euskara erabiltzeko. Ikastetxetik gertu, nahi duten ordutegiaren arabera antolatzen dira taldeak eta, behar izanez gero, begirale batek zaintzen ditu seme-alabak. Gurasolagunek harreman sare berria sortzen dute euskaraz; eskolan beste gurasoekin eta euren artean, eta umeekin etxean. Gure helburua da Getxoko umeen etxeetan hizkuntza ohiturak aldatzea eta belaunaldien arteko hizkuntza transmisioan eragitea. Espero dugu denok ohartzea proiektu honen garrantziaz, aldaketa
kualitatiboa izateaz gainera, euskararen normalizaziorako beste katebegi garrantzitsu bat dela uste baitugu. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

EUSKARAZ BIZI ::: UKBERRI.NET eskualdeko egunkari digitala

ukberri.net eskualdeko egunkari digitala

2003ko azaroan jaio zen hedabide elektroniko honetan gure eskualdeko herri eta auzoei
buruzko azken-azkeneko albiste guztiak euskaraz eta etengabe berrituta aurkituko dituzue.

Bestelako medioetan agertzen diren berriez aparte (gure eskualdeko herri eta auzoetako
informazio kulturala, politikoa, soziala, etab.), hitz egiteko aukerarik ez duten hainbat
eragileri ere lekua egiten diete ukberri.net-en. Interneteko egunkari digital hau guztiona da
eta jendearen parte hartzea bultzatu
nahi du. Antolatzaileen helburuetako bat da, beraz, Uribe
kostako hiritarrok parte hartzea eta elkarreragintza sortzea. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

Harpidetza egin edo kentzeko bidali mezua info.kliska@gmail.com e-lbidera.