[ ; – ] k l i s k a . 004

Eskerrik beroenak: Bizarra Lepoaneko langile diren Ane eta Iraideri!

DATORRENA ::: "Bat, bi, Manchester"
DATORRENA ::: Udabarriko ekintzak
AGENDA ::: MARTXOA – APIRILA
ELKARRIZKETA ::: Merkatari euskaldunak + Bego & Urtzi
IRITZIA ::: Urbanismo kulturala + Fredi Paia
EUSKARAZ BIZI ::: eu.wikipedia.org

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

DATORRENA ::: "Bat, bi, Manchester"

IRATI JIMENEZ GONBIDATU dugu Aldai Patronatura martxoaren 28an, eguaztena, arrastiko 20:00etan. Agustin Zubikarai sariak Iratik behar zuen babesa eman zion eleberri labur honi ekiteko. Maitasun inposible baten kronika, mutil euskaldun bi, Manchesterren. Homosexualitatea, intseguritatea, adiskidetasuna eta sormena bezalako gaiak ditu hizpide idazleak. Irakurlearen arretari eusten dio nobelak, atal laburrak eta ondo lotuak ditu, erritmo bizikoak. Zuzen iritsi nahi du idazleak gugana. Uribe Kostako Irakurzaleen txokoaren urteko lehenengo jarduna duzue hau, animatu eta parte hartu. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

DATORRENA ::: Udabarriko ekintzak

PAZKOA ASTEAN ERE Bapiruken  euskarazko aisialdi ekintzak antolatuko ditugu. Apirilaren 10etik 13ra 5-12 urte bitarteko umeek Zabala eskolan jolas, kirol eta tailerrak egiteko aukera izango dute. Hilaren 12an egun osoko irteera egingo dugu Zumaiara. Ordutegia 9:00-13:30 izango da ostegunean izan ezik, Zumaiatik 17:00etan bueltatuko gara eta. Izena emateko epea apirilaren 4an bukatuko da. Bazkideek 25 € eta bazkide ez direnek 35 € ordaindu beharko dituzte. Informazio gehiago nahi izanez gero bulegora deitu (Ane: 94 491 43 57) edo hemendik pasatu (Karitate kalea 1, 10 bulegoa).  ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

AGENDA ::: MARTXOA – APIRILA

Martxoak 26 ¤ Korrika 15a 8:30etan Getxora sartuko da Berangotik eta irten Portugalete aldera Bizkaiko zubia hartu ondoren.

Martxoak 28 ¤
Irati Jimenezekin “Bat, bi, Manchester”eleberriari buruzko solasaldia. Algortako Aldai Patronatuan arrastiko 20:00etan. Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoaren ekimena.

Apirilak 10-13 ¤
“Bapirukeren udabarriko ekintzak” 5 eta 12 urte bitarteko umeentzat Zabala Ikastetxean tailerrak, jolasak eta irteerak. Izena emate epea zabalik dago, bazkideentzat 25 € ez bazkideentzat 35 €.

Apirilak 21 ¤
Berbalagunon mendi irteera Aizkorrira Arantzazutik. Telletxeko parkinetik 8:00etan aterako gara kotxeetan.

Apirilak 24 & 26 ¤
“Ipuinak umeei zelan kontatu” ikastaroa SENDI Proiektuaren eskutik. Algortako Villamonte Kultur etxean arrastiko 17:30etatik 19:00etara, Antton Irusta izango da irakaslea. 10 €. Gurasoak ikastaroan dauden bitartean umeak zaintzeko begiralea egongo da.

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

ELKARRIZKETA ::: Merkatari euskaldunak + Bego & Urtzi

Begoña | Dendaria
Algorta | Villamonte, A4

Begoña

* Zelako bideokluba da zuena?
Tira, bideo klub bat da, zer gura duzu esatea; nobedadeak egoten dira, film zaharragoak bebai, denetarik apur bat. Gehienak alokairuan, baina baditugu eskaintza batzuk salgai. Litxarreria batzuk be badoguz, pelikula ikusi bitartean laguntzeko.
* Herri askotan dagoz halako Boom twister bideoklubak, ezta?
Bai, gurea ere frankizia da. §

Urtzi | Goikoetxea burdindegia
Algorta | Euskal Herria 19

Urtzi

* Kontaiguzu zer saltzen duzuen eta zein zerbitzu eskaintzen.

Burdindegia “Todo a 100” baten modukoa da, denetarik saltzen dugu. Nire ideia da profesionalei batez ere zuzentzea. Areetako anaiaren burdindegian, adibidez, “menage” arloa hobeto jorratzen dute, zartaginak eta etxeko tresneria saltzen da; hemen profesionalentzako materiala saltzen dugu gehien.

* Zelako profesional etortzen zaizu?
Gaur egun denetarik daukagu, iturginak, arotzak… arlo askotakoak etortzen dira; tira, eta etxerako kontuak erostera ere etortzen dira profesionalak ez direnak, jakina, baina guk profesionalentzako eskaintzari ematen diogu lehentasuna.

* Euskaraz erosten du jendeak?

Karteltxoa hor dago jarrita, batzuk euskaraz egiten etortzen dira, baina ez dira asko. §


:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

IRITZIA ::: Fredi Paia, ALBEko kidea

Urbanismo kulturala

Beti harritu izan nau  orain mende bi  Getxo eta Barakaldo herrietako ordezkariak  Bizkaiko Batzar Nagusietatik erderarik ez zekitelako kanporatu zituztela jakiteak. Barakaldon ( edo Ibarrakaldun, bertako euskaldunek esaten zuten moduan) ehunka biztanleko herritxoari milaka etorkin gehitu zitzaizkion. Garaiko enpresarien interesez haraindiko inolako zentzu edo antolakuntza urbanistiko barik. Ondorioz, hango euskalkia eta kultura biztanleri kontzentratuaren uholdean disolbatu ziren xaboi pastila itsasoan legez.

Jokaldi bera gertatzear da gure herriko Andra Mari auzoan. Goierrin batez ere, elizatik behera egin beharrekoak eginda daude eta. PTPari ezetz esateko mila arrazoien artetik gure ondare kultural inmaterialari dagokiona dakarkizuet hona. Azken hilabeteak gure herriko euskalkia batzeko grabazioak egiten pasa ditut. Horrekin batera Getxoko toponimia, historia, mitologia, bizimodu eta pentsaera helarazi dizkidate Getxo euskaldun eta elebakar ez hain urrunekoaren azken lekuko biziek. Bilketa hau egiteko klabea  Andra Mari auzoaren existentzia bera da. Bertako baserrietan gordetzen delako oraindino ere gure berbe, iraganaren oroimena, eboluzioa azaltzeko perspektiba eta batez ere, Getxo berreuskaldundu eta, gauza bera dena, gure izaerari eusteko jarraitu beharreko bidea. Berreuskalduntzea lehengoari arnasa emanda berria sortzen joatea da. Akats larria baita zerotik hasi gura izatea gure errealitatea eta Arabar Errioxarena berberak
balira legez.

8300 etxebizitza horien uholdeak gure kultur ondare inmateriala betiko galduko luke, baina ez daukagunez kostu hori azaltzen duen fakturarik, eraikin enpresa, udaletxe eta uraren gainetik busti barik ibiltzen espezializatu diren bertoko euskal komunikabideei, bost. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

EUSKARAZ BIZI ::: euskarazko wikipedia

wikipedia

Wikipedia interneten 200 hizkuntza baino gehiagotan idatzitako entziklopedia aske eta parte-hartzailea da. Egun, euskaraz, 17.055 artikulu ditu eta modu errazean zuk zeuk lagundu dezakezu osatzen.
Wikipediaren helburua doako entziklopedia fidagarria sortzea da eta ahalik eta hizkuntza gehienetan idatzia egotea ere bai. Proiektuaren sortzaileak, Jimmy Walesek, horrela azaltzen du Wikipedia: “Kalitate oneneko entziklopedia askea sortzeko ahalegina da, munduko edozein erabiltzaileri bere hizkuntzan zuzendua.” ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

HARPIDETZA + PARTE HARTU + GU NON?
Bizarra Lepoan eta EGIZU elkarteen lanaren emaitza duzue kliska, e-postaz harpidetzeko hemen: info.kliska@gmail.com
Parte hartu, galdetu, proposatu edo informazio gehiago gura baduzu: 94 491 4357 & 619 935 541. Karitatea 1, sotoa, 10. bulegoa, 48991 Algorta GETXO.