Ekainaren 20an bazkaria egingo dugu lagunok. Berbalagunak, Bizarra Lepoaneko lagunak, euskaltegietako lagunak eta lagun hauen guztien lagunak, kurtso amaiera ospatzeko egingo dugun bazkari honetan elkartuko gara. Kurtsoaren amaiera edo udaren hasiera ospatuko dugun ez dugu oso argi, baina euskaldunok aitzakia handiren beharrik ez dugunez…

Zabala eskolako aterpea, nahikoa izango dugu euriak ez bustitzeko ez eta eguzkiak bertan txigortzeko ere, beraz, bertan jarriko diogu helmuga 13:00etan hasiko dugun bertso-poteo-kalejira-musikatuari. Ordu eta erdiz, Algortako taberna ingurua alaituko dugu alboka, trikitixa, pandero eta bertso doinuz; eta 14:30ean bazkalduko dugu Zabala Eskolan.

Ez pentsa modu honetako bazkalaurrea izan ondoren, jan eta edatera bakarrik murriztuko dugunik gure ekintza. Musikak ez gaitu, ahoa betea izanagatik, utziko. Gainera behin irentsi beharrekoak irentsita, eta ahoa berriro libre daukagunean, kantatzeari ekingo baitiogu. Bazkalostea giroak gidatuko du, hori bai, beti ere gure eztarrien baimenarekin.

Gonbidatuta zaudete beraz, zu eta zure lagun euskaldun guztiak gure bazkarira. Anima zaitez eta anima itzazu, krisiaren aitzakiarik behintzat ez duzue izango eta: ederto jan eta edateko aukera izango dugu 15 euroren truke helduek eta 8 euroren truke umeek.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, osasuntsu bizi!