2011ko manifestua

2011ko manifestua

Getxoko 36 eragilek idatzi eta adostu dugun testua duzue hemen, gure diagnostiko eta eskaerekin.

2011ko manifestua

Herri honetan, azken urteotan, hainbat pertsonak eta eragilek egindako lanari esker euskalgintzan eta herrigintzan dabiltzanak, irakaskuntzakoak, elkarteak, eta baita Getxoko Udala ere–, euskarak aspaldiko egoerarik onena bizi du, zalantzarik gabe: gero eta euskaldun eta euskaltzale gehiago gaude, eta gero eta jarduera gehiago egiten dira euskaraz esparru gehienetan. Baina herri euskalduna lortu nahi badugu, euskaratik eta euskaraz, lan handia egin beharko dugu, oraindik ere, denon artean.

Alde batetik, herriko euskaldunok eta euskaltzaleok euskararen sarea indartu eta zabaldu behar dugu, gure arteko harremanak sendotu eta trinkotu behar ditugu. Horregatik aukeratu genuen sarearen irudia:

Sareak bi elementu ditu josita: puntuak eta hariak. Puntuak euskaldunak gara eta hariak dira gure arteko harremanak. Eta biak dira garrantzitsuak eta ezinbestekoak sarea osatzeko. Punturik edo haririk ez badago, sareak zuloak izango ditu eta ez da sare izango.

Sarea josten ekimenean batu garen guztiok lanean gabiltza euskararen sarearen punturen batean: euskaltegia, berbalagun-taldea, institutua, guraso-elkartea, taberna, familia, koadrila, euskarazko komunikabidea… Horiek denak puntuak dira, horietan euskaldunak daudelako. Euskararen sarean puntu asko dauzkagu, guk uste baino gehiago. Baina puntuak ez dira bakarrik taldeak edo elkarteak edo erakundeak, gutako bakoitza puntu bat da euskararen sare honetan. Euskaldun bakoitza, euskara ikasten dabilen bakoitza, euskara ulertzen duen bakoitza, puntu bat da. Eta ez gara puntu gutxi, uste baino gehiago gara. Hala ere, puntu asko falta dira oraindik eta falta direlako, zuloak daude sarean; joango gara sarea ehuntzen: lagunak eta ezagunak animatuko ditugu euskara ikasteko eta umeek euskara ezagutzeko duten eskubidearen alde egingo dugu.

Eta sarea egiteko, puntuak bezain garrantzitsuak dira hariak, eta uste dugu euskararen sare honetan puntu gehiago dauzkagula hariak baino. Eta noiz lotzen dira puntuak harien bidez? institutuko ikasleek tabernariarekin euskaraz egiten dutenean, euskaltegiko euskara-ikasleak udaleko langile euskaldunarekin euskaraz egiten duenean, koadrilako lagunek ere UK eta ukberri irakurtzen dutenean… Hariak lotzen ditu sarearen puntuak, familia barruan, koadrilan, gurasoen artean, lankideen artean. Horregatik konpromisoa hartuko dugu, eta ahal dugun guztietan, euskaraz hitz egingo dugu.

Herritarrok, orain dela urte batzuk, bai euskarari esan genuen eta, orain, horrekin batera, euskaraz bai ere esaten dugu; hau da, euskararen alde egongo gara eta euskararen alde egingo dugu: euskaraz biziko gara.

Bestetik, ordezkari politikoei eskatzen diegu hizkuntza-politika ausartagoa eta eraginkorragoa aurrera eramateko. Azaldu nahi diegu egindakoa birplanteatu behar dutela eta euskararen aldeko ekintza puntualez gain, euskaraz bizitzeko aukera eman behar dutela esparru guztietan. Gainera, esan nahi diegu ez gaudela prest euskararen bidean atzera egiteko eta orain arte denon lanari esker lortutakoa galtzeko. Martxan dauden proiektuak, baliabideak eta diskurtsoak urtetik urtera gehitu, handitu eta sakondu behar dira etengabe, euskara denona eta denontzat delako, alderdi politikoen siglen gainetik eta egoera politikoen gainetik.

Kolpe, kolpe, kolpeka, josi eta josi…

Agurra kultur elkartea, Aixerrota Boleibol KT, Aixerrota institutua, Algortako bertsolari eskola “ALBE”, Algortako emakume gazteon asanblada, Algortako San Inazioetako jai-batzordea, Algortako Ungari mendi-taldea, Andra Mari ikastetxea eta guraso elkartea, Begihandi elkartea, Berbalagunak, Bereterretx euskal kultur elkartea, Bizarra Lepoan euskara elkartea, Egizu Getxo Euskaldun elkartea, Eztabaida gune antiautoritarioa, Geroa Mendi Taldea, Getxo herri-kirol taldea, Getxo Kayaka, Getxo rugby taldea, Getxoko Bilgune Feminista, Getxoko Udalaren euskara-zerbitzua, Getxoko Udal Euskaltegia, Gorrondatxe Kultur Elkartea, Ikasle Abertzaleak, Itxartu, Itxas-argia elkartea, Itzubaltzeta gaztetxea, Jose Antonio Agirre Euskaltegia, Juan B. Zabala ikastetxeko guraso-elkartea, Koska irratia 108 FM, Lauaxeta AEK euskaltegia, Romo Ikastetxea, San Nikolas ikastola, Txorimalo gaztetxea, UK aldizkaria, Ukberri.net agerkari digitala, Uktest txalaparta elkartea.