1.- Nola sortu zen Blink-Blank? Zer da? Zer egiten duzue?
BLINK-BLANK doinu ta kolore sortzearen prozesua, lapikoko on bat bezalakoa izan da, denbora eta osagai onak: gazte-gaztetik gu biok elkar ezagutzea, gazte-gaztetik artearen munduak erakarri gaituela, arte ikasketak elkarrekin hasi eta batez ere elkarrekin komentatzeko izan dugun nahia eta ohitura izan dira oinarrizkoak.
Sortzearen lehenengoko astindua jaso genuen “Artearen esklusibismoa” igartzerakoan. Artea artistena zela, eta gainera baztertzailea? Hona hemen gure hasierako galderak eta erantzunen bilaketa eragin zuen astindua. Gerorago lana, artearen inguruan ere, irakaskuntzan. Ume eta helduekin, Adierazpen Artistikoaren arloan (plastika, musikan, gorputzaren adierazpena).
Gure jarduerek galdera gehiago sortu zituen, astindu gehiago, kezka gehiago eta gero eta gogo gehiago “gure modura” lan egiteko; gure bizipenen ondorioetatik ateratako oinarriekin. Artearen munduan konpartitzeko gogoz, barneratzen laguntzeko asmoz, bizipenak biziki lantzeko asmoz, erakusteko gogoz, transmititzeko eta gure proiektu propioa sortzeko gogoz. Artea osotasunean landu nahi genuela oso ideia argia eta oinarria genuen, musika, plastika eta gorputz adierazpena bate-eginez, arteak dituen diziplina hauek fusionatuz.
Pieza guztiak landu dira urtetan zehar, eta momentua heldu denean muntaia, mihiztadura egin dugu, eta proiektua gauzatu da, BLINK BLANK doinu ta kolore.
Beraz, BLINK- BLANK proiektu bat da, artean eta honek pertsonentzat eskaintzen dituen aukera anitz eta aberasgarrietan mugitzen gaituen interesak sortutako proiektua.
Proiektu honetan artearekin eta artearen barruan lan egiteko tailerrak antolatu eta prestatzen ditugu.
Tailer ezberdinak garatu eta proposatzen dira, iraunkorrak edo – eta sasoi edo momentu konkretuetarako, kasu bakoitzerako iraupen egokitua, adin guztietarako eta edozein talde motarako. Hau da , artearen erabilera pertsona guztientzat, edozein artearen erabilpenean nabarmentzen ez den edozein pertsonarentzat.
Tailerretan eta zenbait ekintzen bitartez, sormenerako esperientziak, konstruktibo eta aberasgarriak ahalbideratzen ditugu, artea bakoitzarentzat zer den ohartuz. Esperientzia guzti hauek bakoitzaren sormenerako gaitasuna suspertzeko helburuarekin.
2.- Zenbat lagun zarete? Non zaudete? Noiztik?
Denboran eta lanean luze ibili gara, baina elkarte moduan, ofizialki, BLINK BLANK doinu ta kolore 2010.ko udaberrian jaio zen, tamaina handiko eta ilusioz beteriko jaioberria dugu.
Tailerrak ahalbideratu eta esperientzietan parte hartzen dugun guztiak osatzen dugu Blink-Blank. Erakundean elkarte kideak bi gara, Ibone eta Agurtzane, gero tailerrak antolatzeko eta esperientziak aurrera eramateko zenbait dinamizatzaile ditugu lankide, beharraren arabera.
Ba dugu ere administrazio lanak egiten dituen garrantzizko kide bat, eta eskerrak, lanaren alde hori ez da apenas ikusten baina oso inportantea eta latza izaten da.
Proiektua leku ezberdinetan garatzen dugu, guk aurkeztu eta interesatuta dauden lekutara hurbiltzen gara tailerrak antolatzera.
3.- Garrantzitsua da euskara zuen lanean? Zergatik?
Euskara garrantzitsua da gure bizitzan, beraz gure lanean noski, nahiz eta inportanteena komunikazioa eta adierazpena izan. Gure ekintzetan euskara da gure “lehen hizkuntza”, bai harremanetarako eta bai dinamikak gidatzeko.
Oso interesgarria izan da gure tailerrak euskararen erabilpenean zein eraginkorrak diren igartzea. Berriro ere ikusi eta egiaztatu ahal izan dugu, euskararen erabilpenean eragiteko hizkuntza gozamenarekin lotzea funtsezkoa dela.
4.- Zelan bizitzen zabiltzate krisi ekonomikoa? Eraginik izan du proiektuan?
Krisialdia sektore eta arlo guztietan nabarmentzen dela argi dago, eta kultura eta hezkuntzaren arloan konkretuki, jakina da aurrekontuak murriztuak izan direla. Hortaz, gure eginetan ere eragina izan duela zer esanik ez.
Gure tailerrak, denboran luzeagoak izatea gustatuko litzaiguke, baina diru-kopuruak agintzen du. Guk eskatzen duguna momentu honetan ez da ere guk nahi genukeena edo hasieran prestatuta genuena, egoerari moldatuz ari gara gure proiektuan horrela izan behar dela pentsatzen dugulako. Bestetik “proiektu iraunkor”, alderdi guztietatik a begiratuta pisu handiena daukana, geldi unean daukagu eta “sasoi proiektuak” eta egokitutako tailerretan zentratu gara garai honetan.
Eta esan behar oso pozik gaudela izan dugun harrerarekin eta ditugun eskaerekin.
5.- Zer du zuen elkarteak arloko besteek ez dutenik? Zertan bereizten zarete?
Ez gara inor besteek “ez dutena” esateko, baina komentatu dezakegu zein ideiekin identifikatu ahal gaituzten: Gure abiapuntua: ARTEA pertsona bakoitzaren barruan dagoen zerbait dela. Denok dugula eta denok atera dezakegula, horretarako ez dugula gaitasun berezirik izan behar. Bakar bakarrik bide hori aurkitzeko laguntza edo gidatuak izatea.
Berezitasun nabarmenena, artea bere osotasunean bizitzea bilatzen dugula izan daiteke. Hezkuntzako curriculumenean agertzen zaigun Adierazpen Artistiko Arloak osatzen dituzten hiru diziplinak, musika, plastika eta gorputz adierazpena, elkartuz eta nahastuz ezagutu eta landu nahi ditugu. Jakina da eskoletan bakoitza bere bidetik, banaka eta elkar ukitu gabe lantzen direla gehienetan.
Gure helburua ikus eta entzuteko ESPERIENTZITAN oinarritzen da, bizipen propioetan. Hauetan gehien bilatzen duguna PERTSEPZIOA landu eta garatzea da, ingurutik jasotzen duguna gure ikasketa gehienaren oinarria izango delako.
Tailerretan proposatzen diren ekintzetan edo dinamiketan, normalean parte-hartzaileak hasieran zer egin jakin gabe aurkitzen dira. Horrek ondo ari garela adierazten digu, sormenerako prozesuan “kaosa” behar dugulako abiapuntu, eta SORMENERAKO TAILERRAK direlako gureak. Pertsona osotasunean garatzeko, sormenerako gaitasuna garatzea ezinbestekoa da (eta nahiko baztertuta dago gaur egun), beste hainbat gauzen artean erabakiak hartzera lagunduko diona etorkizunean.
Beharrezkoak diren behaketa, jakin-mina, inguru sozial eta fisikoarengan interesa, esperimentatzeko nahia esnatu eta ohitura bihurtu nahi ditugu. Baita iritsia botatzeko gai izatea, eta iritsiak izateko eta haietan sinesteko estrategiak landu.
Gure tailerretan, parte-hartzaileek komunikatu, sentitu, emozioak sortarazi eta sortu egingo dute, guzti hau askatasunez eta naturaltasunez, eta gure izaeran eta gure jarreran, bakoitzaren historiaren zein datu eragina izan duten ohartuz.
Ekintzen helburua artearen munduan barneratzea da, norbera bat eta bera izatea ahalbideratzen, beste edozein lengoaia bezala erabiliz, izate eta egote hori teknikaz kargatu gabe eta bai sormen eta adierazpen askatasunez. Dinamizatzaileak lanak burutzeko euskarriak baino ez dira eta estimuluen eragileak edo suspergarriak. Eta poliki-poliki sentsibilitate berezi bat sortu, arte munduaren partaide izatearen sentimendua.
Tailer bakoitzetik ateratzen diren sormen prozesuak eta emaitzak, norberarenak izango dira, berarenak; artistak sentituko dira arte ezberdinen lengoaiak erabiliko dituztelako besteei komunikatzeko.
Bakoitzak eramango duena, pertsona hasteko balioko zaion esperientzia aberasgarria izango da, artearekin disfrutatzen dugulako, berarekin eta berarengan ondo sentitzen garelako.
Dena den, oso kontzienteak gara gaur egun artearekiko jarrera “kulturala” erabat ezberdina dela, eta oztopotxo bihurtzen dela batzuetan: beldurrak, lotsa, ez-ezagutza, heziketa … Baina beste aldetik gero eta jende gehiago ikusten dugu gure kezka eta ilusio berdinekin, eta gero eta gehiago izango garelakoan gaude, eta ikasitako jarrera hauekin gizartea hobetuz joan dadila lagunduko dugu.
Leave A Comment