1.- Nola sortu zen Arima Cool Tour? Zer da? Zer egiten duzue?
Kultura eta diseinuan aritzen den enpresa gazte eta kreatiboa da. Kasualitatez jaio zen, nahiz eta egitasmo hau sortu genuenok argi genuen zer edo zer egin behar genuela kultura-arloan antzematen genuen hutsune bat betetzeko. Kultura-sailean zerbitzu integrala eskaintzen dugu (animazioak, antzerkia, musika- kontzertuak, ikuskizunak…), baina gure ardatza, guk geuk sortutako tailer artistiko-kreatiboak dira (umeentzako tailerrak, gazteentzako tailerrak, berdintasunari buruzko tailerrak, nagusi eta jubilatuentzako tailerrak…).
Bestetik, diseinuaren aldetik web-diseinua eta diseinu grafikoan aritzen gara. Gehienetan bi esparruak uztartzen ditugu egiten ditugun ekimenetan.
2.- Zenbat lagun zarete? Non zaudete? Noiztik?
Jende askorekin kolaboratzen dugu, baina esan genezake bi pertsona gaudela burutu beharreko ekimenak koordinatzeko. Beraz, finkoak bi gara: Aitziber eta Urko. Badira bi urte egitasmo hau sortu genuenetik eta egun Algortan eta Plentzian ditugu gure egoitzak. Arima Cool Tour sortu eta berehala Getxon egotearen beharra ikusi genuen, hemen guk lan egiten dugun esparruetan nolabaiteko bizitasuna dago eta benetan oso pozik gaude Algortan egoteaz.
3.- Garrantzitsua da euskara zuen lanean? Zergatik?
Guretzat euskara gure egitasmoaren bizkarrezurra da, sortzen dugun guztia euskaraz garatzeko egiten baitugu. Euskara bi modu desberdinetan lantzen dugu: alde batetik, hizkuntza bera bultzatzeko ekimenekin eta, bestetik, eskaintzen ditugun zerbitzu eta tailerretan aritzeko tresna bezala.
4.- Zelan bizitzen zabiltzate krisi ekonomikoa? Eraginik izan du zuen proiektuan?
Bai, oso eragin zuzena dauka gure proiektuan. Kultura-arlorako zuzentzen den dirua gero eta murritzagoa da eta nabaritzen da udal zerbitzuek diru gutxi daukatela. Enpresa bat mantentzeko diru asko fakturatu behar da hilean, ez bakarrik soldatak ordaintzeko, baizik eta zuzeneko zergak, lokalaren alokairua, aseguruak, aseguru sozialak, BEZa, gestoria, telefonoak, gasolina …. Dena den, guk abantaila txikitxu bat daukagu, ez dugula gure apostua sektore bakar baten eskuan uzten. Horrela, agian, oreka lortuko dugu.
5.- Zer du zuen enpresak arloko beste enpresek ez dutenik? Zertan bereizten zarete?
Ez dakigu beste enpresetatik zerk bereizten gaituen, hori bai, guk geure burua hausnartu eta gero badakigu bide propio bat jorratzen dugula, gure lana atsegin dugula eta ekimenenetan daukagun guztia ematen dugula. Guk beti neurriko jantzi bat egiten dugu, hau da, leku edo egoera bakoitzaren beharretara moldatzen gara eta ez alderantziz. Sormena eta dinamizazioa dira gure lan tresnarik garrantzitsuenak.
Leave A Comment