Luzero lurmuturraren kronika Enkarnik, Itziarrek eta Amaiak egin dute, eskerrik asko, neskak, eta hurrengora arte!
Guk txangoa Carrefourreko gasolindegiaren ondoan hasi genuen, goizeko 8:45ean. Bizikletak prestatu, eta Portugaleterako bidea hartu genuen. Bertan taldearekin batu ginen, besteak Faduratik irten ziren-eta.
Bidegorria hartuta, Ortuella eta Gallartatik pasatu ginen; ibilbidea erraza zen, baina orduan Dabidek esan zigun beste bide batetik joateko, pixka bat zailagoa zena: lehenengoz aldapan behera, eta jakina, gero aldapan gora. Lehenengo maldak igarota, Abantoko zenbait auzo zeharkatu genituen, eta Luzero lurmuturrera hurbiltzen hasi ginen.
Azken txanpa! Aldapan gora berriz, gailurrera arte, harriz betetako bidexka batetik; hala ere, goiari eutsi genion, kosta ahala kosta, batzuk ondo eta besteak hobeto heldu ginen! Tontorrean altxor pare bat aurkitu genituen, alde batetik itzelezko ikuspegiak, eta bestetik, gerra zibilako kanoiak eta bunkerrak. Ausartok galerietan sartu ginen ilunpean…
Lehenengo hamaiketakoa bertan egin genuen, indarrak berreskuratzeko, eta noski, taldeko argazkiak egin genituen, gure “Spidermanek” aterata. Eta behin gunea aztertuta, onena… jaitsiera!
Hortik gazte talde bat zebilen, “Mendiz Mendi” bizikleta taldea. Hara belaunaldi gazteak nola datozen! Potenteak gero! Ze kaña! “Motorratones” antzekoak ziren, ziztu bizian igo eta jaitsi ziren. Ze ona den gaztea izatea!!!
Mendixka jaitsi ondoren, beste egonaldi bat egin genuen, ederto! Oraingoan Zierbenako taberna batean. Patata tortila pintxo gutxi, gero! azkarrenek baino ez zuten dastatzeko aukerarik izan, baina tira, ahoa beteta ez izateak abantailaren bat edo beste eduki behar du, eta horrela behintzat barre algara batean gure artean berba egiteko aukera izan genuen.
Denok indarberriturik, azken zatitxoari ekin genion, Zierbenatik Santurtzira eta jarraian Portugaletera. Bizkaiko zubian elkar agurtu genuen (portzierto, gure “gidaria” txalo artean), eta bakoitza berera! Hurrengora arte, bada, eta eskerrik asko!
Leave A Comment