Giro ona aprobetxatzeko udako berbalagunok lotzen jarraituko dugu, iazko talde batzuk ere martxan daude eta berbalagun berrientzat izena emateko epea urriaren amaierara arte luzatuko dugu, eta horrela azaroan Getxoko berbalagun guztion topaketa egingo dugu.

Ikasturte berri on, eta animo! Dabilen mihiari ez zaio goroldiorik lotzen 🙂

Izena emateko: egizugetxo@gmail.com / 616 885 165 / 619 935 541

Kaixo Laztana,

“Laztana” ala “lastana” idatzi behar da?  Hau buruhaustea!

Ez dakit nondik hasi ere. Seguru asko harrigarria egingo zaizu maitale ezezagun bat duzula jakitea, baina, hala da. Behin baino gehiagotan egon naiz zuregana hurbildu eta zerbait esateko puntuan, baina ez naiz inoiz ausartu zuzenean hitz egitera. Hori bai, kalean, dendaren batean edo tabernan ikusi izan zaitudanean, lagunekin edo nornahirekin berriketan, adi-adi egon izan natzaizu. Natzaizu… Nolako aditza, ezta? Taulan begiratu behar izan dut!

Barkatu. Euskara ikasten ari naiz. Beharbada, hortik hasi behar nuen. Hain zuzen ere, zurekin hitz egin ahal izateko ari naiz euskara ikasten. Hitz egin, edo, sinonimoen hiztegiak dioenez, berba, solas, ele. Mintzatu.

Ez dakit euskararekin ala euskaldunekin maitemindu nintzen lehenago. Berdin dio. Euskara eta euskaldunak maite ditut. Hori da dakidana. Eta badakit, baita era, maitale asko dituzuela, zorionez. Lasai. Ez zaitut niretzat nahi osorik. Gehiago esango dizut: nahiago zaitut beste batzuekin partekatuta, mintzalagun taldean.

Ireki bihotza, laztana. Zurekin hitz egin nahi dut.

Herriko mintzalagun taldean zain gauzkazu.