Jokin Beldarranek egindako kronika konpartitu nahi dugu zuekin. Mila esker, Jokin!
Eguraldiak eguraldi, autobusa bat bete zuten antolatzaileek (Aitxuk, Berbotsek
eta Egizuk), Uribe Kostako dorretxe sorta bat ikusteko: Martiartu, Ondiz, Basagoiti eta
Otxandategi ziren jomugak. Laurak oso desberdinak, laurak bitxiak eta, Martiartuz gain,
oso ezezagunak. Martiartun, Erandioztarrei esker aukera izan genuen dorrea barrutik
ikusteko. Ustekabea izan zen. Hor, Unai Aurrekoetxeak, arkeologo gidariak, azaldu
zigun horma zaharrak eta berriagoak, direnak eta diruditenak. Bitxia da lau hormek
zenbat esan dezaketen!

Ondizen berreskuratutako dorrea ikusi genuen, “izan” ez den dorrea, jauregia
besterik ez omen zen. Basagoiti eta Otxandategi baserriak dira orain. Basagoitikoek
harrera ona egin ziguten, txakurrek ez hainbeste, baina zauriturik ez zen egon, batez
ere txakurrik haserreena jabeak lotu baitzuelako. Buelta emanda, leku guztietatik ikusi
genuen. Euririk ez, baina galdera- eta iruzkin- txaparrada bota zuen jendeak: abizenak,
dorre izenak, harlanduak, biztanleak, oraingo Basagoti jauna… autobusa jendez beteta,
eta hitzez ere beteta.

Amaitzeko, Otxandategin Berangoko ibilaldi neurtuarekin topo egin genuen,
denetarik egin daiteke gure herrietan. Hor ere kontatu zizkiguten bitxikeriak: Domec-en
jabetasuna, baserrietako gurutzeak, dorre ezkutuak eraikuntzen artean…

Unai Aurrekoetxeak emandako azalpenak oso onak, argiak eta ulergarriak,
jendearen gehigarriak ere onak, eta nolanahi, edozein gairik buruz… majuak…
denetarik, azken finean horretarako dira txango hauek, zerbait gehiago ikasteko eta
euskaraz edozein gauza egin daitekeela erakusteko.

Ah! Ahaztu zait, tartean, betiko piskolabisa, begetarianoa, badakizue:
sagarrak, laranjak, mandarinak eta haziak (pipak, kakahueteak, urrika, artoa…fruitu
lehorrak) noizko txuleta? Eta amaitzeko, borobila egiteko, antolatzaileek banatu ziguten
dorreri buruzko liburu eta CD bat.

Itzela, eta euririk gabe.

Eta eskerrik asko zuri ere, Victoria, zure argazki ederrengatik!