Horiexek bilatzen ari gara Egizun, euskararen alde egunero dabilen jendea, euskaraz konpartitu nahi duena, jende berria ezagutu eta lehengo ezagunekin denbora eman, patxadaz, euskaraz bizi.
Duela 20 urte sortu ziren lehen berbalagun taldeak Donostian. Bagera elkarteko Aitziber Gurutzeagak honela azaldu zigun: “orduko kide batzuen artean kezka piztu zen euskaltegiko ikasleek euskara erabiltzeko zituzten zailtasunak ikusita. Horregatik, mintzapraktika modu atsegin eta erraz batean egiteko Mintzalaguna ekimena antolatu zuten”. Hasiera batean dozena bat bagerakide euskara ikasle banarekin elkartzen zen euskaraz mintzapraktika egiteko. Lehenengo urratsak ematen hasi eta Mintzalagun egitasmoa hezurmamitzen joan zen, gaur egun hartu duen hedapeneraino.
Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin batzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko, eta urterik urte gora egiten du izen emateak. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta 80 herri eta eskualdetan zabalduak daude. Azken urteetan, bereziki indartu dira hirigune handietako egitasmoak (Donostia, Gasteiz, Iruñerria eta Bilbo ingurua). Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira.
Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak nabarmendu du: “egunerokoan euskararen alde beren alea jartzen duten supermintzalagunak omendu nahi ditu aurtengo kanpainak”. Izan ere, Mendizabalen hitzetan ahalegin horri esker biziberritzen da euskara, eta superheroiak bezala, sarri ikusezinak izaten dira. Aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun elkartu dira Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan.
Izen emate kanpainan Aitziber Garmendia eta Kepa Errasti aktoreek hartu dute parte, zenbait berbalagunekin batera. Aurten, 22 herri eta eskualdek hartu dute parte kanpainan, eta inoizko bateratuena izan da. Ondoko herrietan zabalduko da, baina esan bezala, egitasmoa Euskal Herri ia osoan hedatuta dago: Arabako Errioxa, Arrasate, Baztan/Bortziri/ Malerreka, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Gasteiz, Getxo, Gorbeialdea, Hondarribia, Igorre – Dima, Iruñerria, Lasarte, Lizarraldea, Arabako Mendialdea, Ordizia, Orereta, Soraluze, Tolosa, Villabona – Zizurkil.
Azkenik, prentsaurrekoan izan diren mintzalagunek egitasmoan parte hartzeko deia luzatu diete gainontzeko euskaltzaleei, hitz egiteko jariotasuna lortu nahi dutenei zein hizkuntzaren aldeko alea jarri nahi dutenei.
Getxon urrian zehar izena emateko beharrezko informazioa Asierrekin (619 935 541) topatuko duzu, eta fitxa hemen bete ahal duzu. Beste herri batekoa bazara, herriko euskara elkartean, euskaltegian, udalean edota www.mintzalaguna.org webgunean aurkituko duzu.
Supermintzalagun izan nahi? Elkartu gurekin!
Leave A Comment