Bizikleta-irteera: Zugastieta

Bizikleta-irteera: Zugastieta

Goizeko bederatziak aldera jarri zen abian EGIZUko txirrindulari-tropela osatuko zuten zazpi bataloi: Mungia, Sopela, Getxo, Barakaldo, Sestao, Bilbo eta Gasteiz. Zein bere bizilekutik aterata, Trapagarango Zaballa auzoan geneukan guztiok hitzordua, eta hara abiatu ginen txiri-txiri.

 

Hau idazten ari dena Faduratik irten zen. Eta hortxe bildu ziren, hain zuzen ere, Mungia, Sopela eta Algortako batailoiak. Bizkaia zubirantz (Portugaleteko zubia, Areetako zubia?) joan ginen bidegorria hartuta. Han, zubian, Getxoko beste batzuk (eta Iurretako bat!) gehitu ziren taldera. Eta zubiaren bestaldean, nola ez, gure Iñaki biak dagoeneko bapo gosalduta, eta Maria sestaotarra ere bai. Apurtxo bat geroago artzaina heldu zen. Izenak ikasteko (ala ahazteko?) ohiko borobila eginda, abian jarri ginen Barakaldorantz: La Canilla, La Benedicta, Simondrogas, Dolores Ibarruri bidegorria, Megapark eta Novotel hotelaren ingurumaria. Azken puntu honetan geratuta geunden Bilbotik zetorren batailoiarekin.

 

Denak elkartuta, Trapagarango Zaballa auzorantz joan ginen, gure azken tropel-kidea hartzera: Gasteizetik etorritako txirrindulari irribarretsua, Marta, edo zenbaitek esaten dioten bezala, Martuki. Zaballan atera genuen familiako argazkia. Eta gure artzainak bidea zehaztuta, aldapan gora jarri genituen gure “hanka-tarteko pandero” guztiak. Durañona auzoan barrena, Orkonerako bidegorrira heldu eta, hortik aurrera, bidea, tunelak, bidea, tunelak, tarteka hainbat animalia (indioilarrak, astoak …), horrela kilometro batzuk, eta bidegorria amaitu zen lekuan, aldapa. Aldapa hasieran engainagarria, eta azken zatian, bereziki, mihia ateratzeko modukoa. Orkoneran geunden, Kadegal auzoaren ondoan, biak ere meatze-auzoak. Inguru horri buruzko hainbat gogoangarri kontatu ostean, artzainak Gallartarantz jarri gintuen, eta handik kilometro batera edo ezkerrera jo genuen, aldapan gora, meategietako harri koskorren artean.

Bizikleta-irteera: Zugastieta

Bizikleta-irteera: Zugastieta

Kronika honen egilea, ohiko moduan, tropeleko azkena zen, eta, bat-batean, klaxon-hots gogorrak entzun zituen atzean. Atzera begiratu, eta furgoneta zuri bat agertu zen: Agruminsa enpresako zaintzailea zen, eta ezin genuela aldapa horretatik joan, debekatuta zegoen eta. Arriskutsua izateaz gain, lokatz pila aurkituko genuela, eta, mesedez, ez igotzeko. Tropelak kasu egin zion, baina lau disidentek — artzaina barne — aurrera jarraitu zuen debekuen bidetik, La Barga auzoraino.

Tropelaren gainerako multzoa Orkonera auzora jaitsi eta, handik aldapan gora pista harritsu batean zehar. Burzako auzora heldu ginenean, han ez zegoen disidenteen arrastorik, baina teknologia-aroan bizi garenez, bat-batean telefono batek jo zuen, eta horrela jakin genuen iheslariak Trianora helduta zeudela. Berriro jarri genuen hitzordua haiekin, eta ostera ere abiatu ginen Arboledarantz (Zugaztietarantz). Arboledara iritsi ginenean, bizikletak aparkatu eta plazako tabernak kolonizatu genituen: pintxoak, koka-kolak, kalimotxoak, polio-mentak, ura, kafea, garagardoa …

Bizikleta-irteera: Zugastieta

Bizikleta-irteera: Zugastieta

Artzainak, piskolabisa hartu ondoren, zenbait bide planteatu zigun etxera itzultzeko, eta, azkenean, Arbeltzagarantz (Peñas Negras) abiatu ginen. Baina interpretazio-zentroa ikusi baino lehenago, eskuin hartu eta El Picón meatze-auzora jaitsi ginen, eta handik Trianora. Trianoko ikuztegiko (labaderoa) bidea hautatuta, Las Calizas auzoan agertu ginen: a zelako ikuspegiak bertatik!!

Leku horretatik Gallartarantz, jaitsi eta jaitsi, galga eta galga, azkar-azkar, Meatzarien Museoraino. Ohi bezala, bertan gelditu, ikuspegiaz gozatu eta martxan, Gallarta‑Ortuellako bidegorrirantz. Tripako zorriak zarataka hasita, Uriostera heldu ginen, eta garai bateko Askatasunaren Ibilaldian txapel oker batek esan bezala, “los de Tudela a Tudela, los de Tafalla a Tafalla”. Bertan Martukik utzi gintuen (Iñakik Zaballararaino lagunduta), Trapagaranera joan behar baitzuen furgoneta hartzera, Gasteizera itzultzeko. Aurrerago, Portugaleteko biribilgunean, agur esan genien Bilboko eta Sestaoko tropel-kideei (ekin pedalei Maria, Naiara, Gema, Esti …). Kilometro bi aurrerago, Portugaleteko zubian, Dabid artzaina bere bordara bueltatu zen, eta zenbait ardi galduk zubia pasatu genuen, Getxora. Areetan, beste zatiketa bat izan ondoren (ondo ibili, Iñaki, Zuriñe, Jon, Patxi, Iñaki, Aritz), Garbigunera heldu ginen (hurrengora arte Mireia), Fadurara (goraintziak Janireri, Aritz), poligono zurira (ni banoa, ondo ibili Ana, Unai eta Xabi, hurrengora arte). Eta gaurko txangora etorri ez badira ere, goraintziak etorri ohi diren baina arrazoi bat dela bestea dela gaur hurbildu ez direnei: Maddi, Patxi, Aitor, Lander, Rozio, Haize, Alvaro, Bego, Maite, Koldo eta beste hainbat eta hainbat. Abendura arte, pedal-kideok. Ondo izan.

Oharra: barkatu inoren izena ahaztu badut. Denak jarri nahi, baina agian baten bat ahaztu.
1511 Zugaztieta