Oraingoan Azebarrin elkartu gara, familia giroan sukaldatuz, euskaraz gozatzeko! Argentinako enpanadak egiten ikasi genuen igandean, Emiren azalpenei esker orea eta barrukoa prestatuz.

Lan eta lan ibili ginen, baina esfortzuak pena merezi izan zuen, bukatzean enpanada gozo-gozoak denon artean partekatu genituelako. Errezeta zein den ikasteko, segi irakurtzen eta etxean egitera animatzekotan…On egin!

Orea prestatzeko osagaiak:
– Kilo bat irin
– 500 ml ur epela
– 150 g behi kipea edo gurina
– Goilarakada 1 gatz

Orea prestatzeko pausuak:
1. Osagaiak ontzi batean poliki elkartu eta eskuekin dana nahastu.
2. Nahasketa ondo oratu eta prest dagoenean, hozten utzi.
3. Pasta egiteko makinagaz edota arrabolagaz orea luzatu eta nahi den forma eman.

Bi motatako enpanadak egin genituen. Alde batetik gaztaz bete genituenak. Horietan hiru gazta mota ezberdin (Chedar, Gouda eta Edam) txikitu, bakon zatiak gehitu eta dana ondo nahasteko arrautz gordinak erabili genituen.

Bestetik haragiz betetakoak prestatu genituen. Horretarako behi haragi xehatua kipula eta olioagaz sartagian sukaldatu eta kuminoa, piperrautsa eta pipermina gehitzen zaizkio. Aurrekoa hotz dagoenean, oliba berde eta tupilin zatitua eta arrautza egosia zatitxotan gehitu behar zaizkio.

Gogoratu, osagaiak orearen gainean jarri ahal izateko, nahasketak hotz egon behar duela. Enpanadak itxi eta 15 minutuz labean (180 gradutara) sartu.
Horrelaxe egin eta hauxe lortu genuen. Eskerrik asko ikasteko gogotsu hurbiltzearren!
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.