[ ; – ] k l i s k a . 005

Eskerrik beroenak Erromoko Caracola dendako langileei!

DATORRENA ::: Uda badator!

DATORRENA ::: Bazatoz Baztanera?
AGENDA ::: MAIATZA – EKAINA
ELKARRIZKETA ::: Merkatari euskaldunak + Lourdes & Aitor
IRITZIA ::: "Euskara Zabaltzen" zabalan + Laura Lapeyra
EUSKARAZ BIZI ::: zernola.net

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

DATORRENA ::: Uda badator!

UDALEKU IREKIAK PRESTATZEN ari dira Bapiruken, Getxoko 5-12 urteko umeentzat. Aurten Zabala, Erromo eta Geroa ikastetxeetan txandak antolatuko dira uztailean zehar. Astean hirutan tailerrak eta jolasak eguerdira arte eta astean birritan eguneko irteerak egingo dituzte. Maiatzaren 14an hasiko da izena emateko epea bazkideentzat eta maiatzaren 28an bazkide ez direnentzat.
Bapirukeri buruzko informazio gehiago nahi izanez gero bulegora deitu (Goizane: 94 491 43 57), astelehen, asteazken eta ostegunetan 16:00-19:00 eta astearte eta ostiraletan 10:00-13:30. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

DATORRENA ::: Bazatoz Baztanera?

baztan, mikel mtz de osaba berbalagunaren argazkia

ASTEBURU PASA EGITEN dugu urtero berbalagunok eta mendi taldean parte hartzen dugunok udaberri aldean, mendia eta kultura uztartuz. Euskal Herriko bazterrak eta kultura hobeto ezagutzeko, maiatzaren 19 eta 20an  Arizkungo Bozate auzora joango gara Santutxuko berbalagunekin batera. Agoteen inguruko hitzaldia Gorrienea etxean, Santxotena eskultura parkea, Elizondo eta inguruetan paseoa, Lekarotzeko aterpean gaua pasatu, Bertizko Natur parkean bisita gidatua eta bazkaria izango ditugu. Autobusez joango gara eta dena 45 €ren truke. Animatu eta izena eman! 619 935 541 (Rozio). ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

AGENDA ::: MAIATZA – EKAINA

Maiatzak 14-25 ¤ Bapirukeko udalekuetan izena emateko epea Bizarra Lepoaneko bazkideentzat. Astelehen, asteazken eta ostegunetan 16:00 – 19:30 eta astearte eta ostiraletan 10:00 – 13:30 (Goizane).

Maiatzak 13 ¤ Haur zinema euskaraz Getxo Antzokian: “Shin Chan helduen inperioan”. 12:00, 17:00 eta 19:00etan, sarrerak 2,10 € balio du.

Maiatzak 19-20 ¤ Baztanera asteburu pasa, Santutxuko berbalagunekin batera. 45 € autobusa, afaria, aterpea, gosaria eta bazkaria barne. Informazio gehiagorako: 619 935 541 (Rozio).

Ekainak 2 ¤ MINTZA EGUNA. Euskal Herri osoko berbalagunok elkartuko gara Donostian, egun pasa, ibilalditxoa, bazkaria eta erromerian parte hartzeko. Izena eman maiatzaren 24 baino lehen, 28 € autobusa eta bazkaria barne. 619 935 541 (Rozio).

Ekainak 9-10 ¤ BIZIKLETA ASTEBURUA. Bardeetara autobusez joango gara zapatu goizean, bertan bi ibilbide osatu, gaua aterpetxean pasatu. Domeka arrastian buelta Algortara. Informazio gehiago: 619 935 541 (Rozio).


:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

ELKARRIZKETA ::: Merkatari euskaldunak + Lourdes & Aitor

Lourdes | Dendaria
Erromo | Kresaltxu, 9

* Zer saltzen dozue Caracola dendan?
Bueno, bada, hemen apurtxo bat denetarik: poltsak, arropa, lepokoak, galtzerdiak, osagarriak…

* Osagarriak erdarazko “complementos” ezta?
Hori da, opariak.

* Zenbat denbora daroa zabalik dendak?
Ni lehenengoan hasi nintzan ugazaba andreagaz duela 23 urte. Pentsetan dot hasi egin ginala 1983an, gutxi gorabehera. Nire laguna izan zan ugazaba andrea eta hasi nintzan beragaz goizez. §

Aitor | Izarra Ikusentzunezkoak
Algorta | San Nikolas plaza

* Zein zerbitzu ematen duzue?
Bideoklub honetan filmak alokatu (DVD, VHS) eta bigarren eskuko filmak saltzen ditugu; horrez gain, DVDak grabatzeko diskoak eta musika grabatzeko zintak saltzen ditugu. Bestalde, Filmak alokatzeko kutxazain automatikoa dago, gau eta egun erabilgarri.

* Nolako bezeroak etortzen zaizkizu?
Jende gazte asko etortzen da; akzio eta beldurrezko filmak gustatzen zaizkie eurei: beldurrezkoak neskei batez ere, mutilei akziodunak. Nagusiek komediak ikusten dituzte, dramak, baina neurri apalagoan. Oro har, gehien ikusten diren pelikulak komediak dira eta gutxien espainolak, hemen Algortan behintzat.  Bezero batzuek genero bakarra ikusten dute: gizonezko batzuek zientzia fikziozkoak, emakumezko batzuek komedia erromantikoak eta dramak; umeek marrazki bizidunak edo komediak; eta ume txikitxoei film berbera askotan ikustea gustatzen zaie. §

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

IRITZIA ::: Laura Lapeyra, Zabala Ikastetxeko Guraso Elkarteko kidea

"Euskara Zabaltzen" Zabalan

Algortako Juan Bautista Zabala herri ikastetxeko Guraso Elkartean, aurten lehen aldiz, euskararen erabilera bultzatzeko proiektu bat jarri dugu martxan. Azken urteotan, Guraso Elkartearen ardura handienetariko bat zera izan da: ikasleen artean euskararen erabilera eskasa. Azken finean, Getxon gertatzen ari denaren erakusgarria da. Udalak argitaratutako datuen arabera, euskararen ezaguera zein erabilera zabaltzen ari bada ere, Getxoko kaleetan euskararen presentzia oso baxua da oraindik.

Gure seme-alaben artean hizkuntza aldetik antzematen ditugun arazo larrienak hauexek dira: gelatik kanpo ez dira euskaraz mintzatzen, ez dute euskaraz egiteko ez ohiturarik ezta erraztasunik ere, gehiengoaren ama-hizkuntza nagusia gaztelania da. Gehienen kasuan, eskolatik kanpo aukera gutxi dute eskolan ikasitako euskara erabiltzeko, gurasoak, zaintzaileak, senitartekoak, erdaldun elebakarrak direlako. Kasu batzuetan, euskararekiko jarrera ez d
a nahi izango genukeen bezain ona, hau gurasoengan ere nabarmena da.

Horrek bultzatu gintuen aurreko ikasturtearen amaieran baserri eskola batean 5 egunetako egonalditxo bat antolatzera. Esperientzia hau oso aberasgarria eta arrakastatsua izan zen, beraz, esperientzia zehatz honi jarraipena emateko asmoz, aurten lehen aldiz euskara proiektu zabal bat martxan jartzea erabaki dugu, hilero gutxienez ekintza zehatz bat burutzeko intentzioarekin.

Proiektu honetako ekintza gehienak ikasleei zuzendu ditugu, baina ez ditugu gurasoak baztertu izan nahi eta ekintza batzuk burutu ahal izateko haien partehartzea edo laguntza guztiz beharrezkoa izan eta izango da. Ezinbestekoa deritzogu eurek hizkuntzaren arloan duten eraginaz jabetzea, euren seme-alaben ikaste prozesuan, motibazioan zein erabileran.

Proiektu honen helburu orokorrak, beraz, hauexek dira:

– Ikasleen arteko harremanetan euskara sortzea.
– Euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea.
– Jarduera ludikoak aprobetxatuz, hizkuntza lantzea, batez ere erregistro ez formaletan.
– Euskararekiko jarrera hobetzea, bai ikasle eta batez ere gurasoen artean.
– Euskal kulturara hurbiltzea.

Ikasturte honetarako hainbat ekintza antolatu ditugu: baserri-eskolan astebeteko egonaldia, ipuin kontalari saioa, ipuin lehiaketa, ludotekak, kantu saioak, jolas tradizionalak… Orain arte jaso ditugun emaitzak nahiko onak direla deritzogu, eta adierazitako helburuak lortu ahal izateko epe luzeagoak behar baditugu ere, ekintzetan parte hartu duten ikasle eta gurasoak gustura ibili dira. Hala ere, jende gehiago erakarri eta inplikazioa lortzeko formula magikoaren bila gabiltza. Proiektu hau burutzeko, Guraso Elkarteaz gain, Algortako beste hainbat pertsona eta erakundeen laguntza ordainezina jaso dugu. Gure eskerrik beroena guztiei. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

EUSKARAZ BIZI ::: Zientzia gazteentzat

Gazteentzako zientzia + teknologia gune berria duzue hau, Elhuyar Fundazioarena. Web gune erakargarri honetan biologia, matematika, teknologia eta abarretan gazteen parte hartzea sustatzen dute.

Etxean egiteko esperimentuak, hainbat gairen inguruko azalpenak, bitxikeriak eta jokoak aurkituko dituzue gune aberats eta dinamiko honetan. Proposamenak eta galderak egiteko guneak, aldiro lehiaketa berrietan parte hartzeko aukera ere badago. Gazteek eduki asko ikasiko dituzte teknologia berrietan trebatzen diren bitartean. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

HARPIDETZA + PARTE HARTU + GU NON?

Bizarra Lepoan eta EGIZU elkarteen lanaren emaitza duzue kliska, e-postaz harpidetzeko hemen: info.kliska@gmail.com
Parte hartu, galdetu, proposatu edo informazio gehiago gura baduzu: 94 491 4357 & 619 935 541. Karitatea 1, sotoa, 10. bulegoa, 48991 Algorta GETXO.