Erandio: Tartangako latsarria

Erandio: Tartangako latsarria

Martxoaren 18an, igande honetan, urteko lehen berbatxangoa izango dugu; irteera honetan gure eskualdeko lehenengo ur-azpiegiturez berba egingo dugu Ainara Martinez Matiarekin, eta hiru leku bisitatuko ditugu, autobusez: Tartangako latsarria Erandion, malakateak Getxon, eta urtegi zaharra Plentzian.

Ondo dakizuenez, berbatxangoak Sopelako Aitxu elkarteko kideekin eta Erandioko Berbots euskara-elkarteko lagunekin batera antolatzen ditugu. Irteera hauetan edozein euskaldunek har dezake parte. Gure helburuak dira Sopela, Erandio eta Getxoko euskaldunok elkar ezagutzea, berbalagunon arteko zubiak eraikitzea, eta eskualdean dugun ondareaz jabetzea (naturala, historikoa, arkitektonikoa, kulturala…) beti ere euskararen bidetik.

Noiz: martxoak 18, igandea
Irteera: 9:00etan Sopelako elizaren aurrean, 9:15ean Algortako Telepizzan, 9:30ean Erandioko gasolinon.
Nora: Tartangako Latsarria Erandion, malakateak Getxon, eta urtegi zaharra Plentzian.
Autobusa: 3 €, umeek 0 € / Piskolabisa eskainiko dizuegu
Aldez aurretik izena eman behar da
Sopelan: aitxuizuba@gmail.com / 674.829.618
Erandion: berbots@gmail.com
Getxon: www.egizu.org / 619.935.541
Anima zaitezte! Euskara eta kultura, gozatzeko moduko altxorrak.

Hizlaria: Ainara Martinez Matia. Artearen historian doktorea. Bilbotar hau aditua da industria- eta azpiegitura-ondarean. Klaseak emateaz gain, erakunde batzuetako ondare-katalogoetan lan egiten du, Eusko Jaurlaritzan, besteak beste.

Proposatutako ibilbidea: Sopelako eliza-Algortako Telepizza-Erandioko gasolinon-Tartangako Latsarri. Han hizlariak azalduko du Latsarriren zentzu eta testuinguru historikoa, eta ur-azpiegiturei buruzko azalpen orokorrak emango ditu. Autobusean berriro, Malakate plazara helduko gara (Getxo). Han dagoen malakatearen sistema azalduko digu Ainarak, ponpa-etxea eta sistema orokorra. Eguraldia ona bada eta astirik badago, Andra Mariko kiroldegira joango gara ikustera malakateena sistema oso bat dela, eta ez elementu bat isolaturik. Han berriro autobusa hartuko dugu, eta Plentziara joango gara. Aukera izango dugu Plentziako urtegi zaharrera hurbiltzeko. Lehenengo azpiegitura horiek azalduko dizkigu Ainarak eta itsasadarraren ikuspegi ederraz disfrutatuko dugu.

Malakate plaza, Getxon

Malakate plaza, Getxon

Azalpena: Nahiz eta azpiegiturak ingeniaritza-arlokoak izan, azalpenen ikuspuntua historikoa izango da eta kultur ondarearekin lotutakoa. Txorrota zabaltzea edo komuneko ponpa erabiltzea naturaltzat hartzen dugu. Hala ere, hori gertatzeko, teknikaz gain, sekulako mentalitate- eta ideologia-aldaketa egon da. Ura behar zenean naturatik hartzen zen, baina pertsona-taldea handitzean, ura talderaino eraman behar zen. Halaber, herriek edo taldeek ekoizten zuten ur zikina urrundu behar da, taldea zenbat eta handiagoa, orduan eta urrunago bota behar da. Tifusa, kolera eta bestelako gaixotasun asko ur horri esker zabaldu ziren, eta jende asko hil zen. Bestalde, XIX. mendean ideia asko hedatu ziren: marxismoa, sozialismoa, liberalismoa… eta horien artean, eta medikuntzaren aurrerapenei esker, baita higienismoa ere. Jende askok lan egin zuen XIX. mendean hirietako baldintza kaxkarrak hobetzeko. Testuinguru horretan sortu zen gure ur-banaketa modernoa eta gure saneamendua.

Berbatxango honetan aukera izango dugu horri buruzko ondare-elementu batzuk ikusteko. Langile-hiri berrientzako eraikitako latsarri bat, Tartangan. Bilboko saneamenduko aztarna batzuk: Getxoko malakateak, urte horietako ingeniaritza-lana erraldoia. Eta, amaitzeko, XIX. mendeko urtegi bat, Plentzian. Hiru elementu xumeak baina garrantzitsuak gure aitite-amamen bizitza erraztu zutenak. Txangoa gure ondarearen inguruko ibilbide bat izango da, ondare bitxia, ezezaguna eta ezohikoa, baina horregatik interesgarria eta bitxia. Disfruta dezagun eta, nahi badugu, ikas dezagun gure ingurua nolakoa den.